Gaur hamabost urte argitaratu zen eskualdeko egunkariaren lehen zenbakia. Ordutik euri pilo ederra egin du, eta milaka orrialde kaleratu ditu HITZAk. Sorrerako helburu berak oinarri hartuta jarraitzen du, ordea, eskualdeko hedabideak. Euskararen normalizazioan eragitea, eskualdeko 11 herrietako berri ematea eta kazetaritza plurala eta kalitatezkoa egitea ditu xede.
Elkarlana ere ardatz garrantzitsua izan da Urola Kostako HITZArentzat, sorreratik bertatik. Eragile desberdinek osatu eta jarri zuten abian eskualdeko komunikazio proiektua. Azken urteetan euskarazko hedabideen sektoreak ahalegin berezia egin du inertziak batzeko, eta horretan parte hartu du HITZAk.
Eragileek sortua izan zen komunikazio proiektua eskualdeko beste eragile bat izan da hamabost urte hauetan. Egunkaria eta webgunea egiteaz eta osatzeaz gainera, askotariko ekimenetan parte hartu du: kulturakoak, kirolekoak, berdintasunaren aldekoak eta euskara sustatzekoak.
Garaian garaiko erronkak zehaztu eta horiek gauzatzeko lan egin da urte hauetan. Horretan hondar alea jarri dutenak ezin ahaztu, asko egin dutelako proiektu honek aurrera jarrai dezan: harpidedunak, iragarleak, gizarte eragileak, banatzaileak, errotatibako langileak, EKT, herri hedabideak, Hekimen... eta, nola ez, Urola Kostako HITZAn eguneroko lanean jardun duten guzti-guztiak.