Nork jartzen dio isuna isunak jartzen dituenari?

Marea Urdina 2019ko ots. 18a, 09:25

Azkoitian ezinduentzako aparkaleku bat zabor edukiontziz beteta dagoela eta, honako iritzi artikulu hau kaleratu du Marea Urdina elkarteak.

Ezinduentzako aparkalekua zabor edukiontziekin, Azkoitiko auzo batetan. (Marea Urdina)
 
Jakina da ezinduentzat erreserbatuta egoten diren aparkalekuetan ezin dugula gure ibilgailua utzi, eta arrazoia ere jakina da. Burura lehenengo etortzen zaigun arrazoia agian "galarazita" dagoelako da, edo beste era batera esanda, sekulako isuna ipintzen dutelako.
 
Guk bigarren arrazoian nahiko genuke sakondu, benetako arrazoian. Plaza horiek benetako beharra duten pertsonentzat gordeta egoten dira; ezgaitasuna duen pertsona batentzat leku batera joatea edo ez joatea eragin dezake horrelako plaza bat egoteak.
 
Horregatik, eta zorionez, gai hau behar den seriotasunarekin hartu ohi da gobernuan, eta halako lekuetan aparkatzea ez dagokionak halako autoa halako lekuetan uztea arau-hauste larri bezala hartzen du Segurtasun Sailak (76. artikuluaren D atala), eta 200 eurokoa da isuna.
 
Marea Urdina elkarteko hainbat kidek dugu ezinduentzako txartela, eta hainbat udalerritan geu izaten gara Udaltzaingoak araudia nolako zorroztasunekin betearazten duen lekuko. Hona hemen gertuko bi adibide:
  • Joan zen asteburuan Gasteizko udaltzaingoak 200 euroko isuna jarri zion gure kideetako bati, ezinduen txartelean egoten den iraungitze data ez zelako ondo irakurtzen (txartela noski iraungitu gabe zegoen).
  • Beste kideetako baten kasua ere kontatzeko modukoa da. Umea gaixorik zuelako Azpeitiko larrialdietara eraman zuen. Ezinduentzako plazan aparkatu zuen autoa, baina txartela ahaztu zitzaion. Nahiz eta umea txartelaren jabe izan, Udaltzaingoak 200 euroko isuna jarri zion.
Seriotasun horrek ekarri ditu plaza horiekiko gizartearen kontzientziazioa eta errespetua, eta gaur egun zaila da ezinduen txartelik gabeko autoak aparkaleku urdinetan ikustea; oraindik eta zailagoa da txartela iruzur egiteko erabiltzea, benetan behar duenak erabiltzen baitu.
 
Baina arau haustea arauak betearazten dituenak egiten duenean? Zer gertatzen da? Nork jartzen dio isuna isunak jartzen dituenari?
 
Ez dezagun orain arte lortu dugun guztia horrelako adibide desegokiengatik galdu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide