Historia zerbait aipatzearren, 1979an lehen udal-gobernu demokratikoak frankismo garaiko kale izen asko aldatu zituen. Kaleak izendatzeko Batzordean erabili zituzten irizpideak ondorengoak izan omen ziren: lekuko toponimia (baserri izenak), herriko pertsona ezagunak eta euskal pertsona esanguratsuak. Ez ziren emakumeen aitortza egiten batere saiatu, emakume izen bakarra onartu zuten, Maria Etxetxiki. Maria Eizagirre Lopetegik urte askoan emagin lanak egin zituen eta Etxetxiki bere baserri aurreko kaleari jarri zioten izen hori.
Gaur egungo kale izenak ikusita, argi geratzen da ez dugula aurreratu. Herrian dauden 96 kale eta plazetatik, 28 izen pertsonai maskulinoenak dira eta soilik sei emakumeenak edo emakumeei erreferentzia egiten dizkienak. Horietatik hiru santak (Santa Klara, Santa Marina, Santa Barbara) eta beste bi sorginekin zerikusia duten lekuak dira, Sorginsoro eta Sorginmuiño.
Datu hauek ikusirik, badugu zertan hobetu emakumeen presentzia kaleetan handitzeko. “Aipatzen ez dena ez da existitzen, ez da errekonozitzen. Leku bat izendatzea, monumentu bat diseinatzea edo oroitzapenezko plaka batekin seinaleztatzea oroimen sozialaren parte da, jendartean garrantzitsutzat jotzen duguna ahanzturatik berreskuratzea baita“ (Zaida Fernandez).
Espazio publikoan emakume arrunten edo nabarmendu direnen lanari eta bizitzari buruzko erreferenterik ez badugu, denoi eta bereziki gaur egungo gazte eta umeei, emakumeen erreferentziak ukatzen dizkiegu eta bide batez, historian zehar egindako ekarpena ezkutatzen da.
Zarautzen kale eta plaza berriak izendatzera goaz. Udalak parte hartze prozesua abiatu du abenduaren 10ean eta orain arduradunei eskaera zehatza egin nahiko nieke. Aprobetxa ezazue, herriko erdigune berrian Salberdinen, emakumeen presentzia handitzeko kale eta parkeak izendatuz, hau da, emakumeek udalerriaren historian eta garapenean izan duten garrantzia azaleratu, errekonozitu eta balioa eman iezaiozue.
Izen zehatzak behar badituzue, herriko Emakumeen Kontseiluak 2013ko otsailean hainbat proposatu zituen, ez galdu aukera.