Era batera edo bestera bakegarai laburrak izan dira Euskal Herrian azkeneko berrehun urtetan. Independentzia Gerratik hasita (1808-1814), ia arnasarik hartzeko barealdi bat gabe, XIX. mendean zehar berrogeita zazpi urtez borrokak sortu zituzten Karlistaldiak (1833-1876).
Foruekin, boluntarioak bakarrik joaten ziren gerrara, baina haiek galdu ondoren (1876), kintoak tiratzen hasi ziren hegoaldeko lau probintzietan, hau da, gizon gazteak soldaduska egitera (eta gerrara joatera) behartu zituzten. Eta ez zen gerraren faltarik izan, ez hegoaldeko euskaldunentzat, baina ezta iparraldekoentzat ere: Kubako Gerra (1868-1898), Filipinetakoa (1896-1898), Lehen Mundu Gerra (1914-1919), Afrikakoa edo Rifekoa (1911-1927), Espainiakoa (1936-1939), Bigarren Mundu Gerra (1939-1945), Aljeriako Independentzia Gerra (1954-1962)…
Harridura sortzen du, neurri batean, Karlistaldietan nola lortzen zituzten soldaduak "behartu" gabe, edo, nahiago bada, nola baziren karisma bereziko pertsonaiak jendea bereganatu eta partidak osatzen zituztenak. Karismadun horietako batzuen izenak ezagutzen ditugu: Zumalakarregi jeneral menderaezina, Santa Kruz apaiza… Beharbada gogoratuko dugu apaizaren idazkari izan zen Kaperotxipi zarauztarra, baina beste zenbaiten izenak eta izanak ahaztu zaizkigu dagoeneko.
Bada, esaterako, Juan Antonio Makazaga zeritzan Orioko bikario bat karlisten aldeko partidak antolatzen aritutakoa. Ez omen zuen San Kruz apaizak zuen adinako karisma, baina izan omen zuen bere itzala.
Bada, baita ere, beste zarauztar bat Leon aldean partidak antolatzen ibilia. Pedro Jose Balantzategi Altuna izena zuen; aita Arrasatekoa eta ama (Maria Josepa Altuna) zarauztarra zituen. Militarra (infanteriako kapitaina) eta politika-gizona, Leonen aurkitu zuen emaztea eta bizilekua eta bertako alkate izan zen bi alditan, bietan Isabel II.aren itzalpean.
1868. urtean Isabel erreginatzatik bota zutenean, Balantzategi partidu karlista aldera irauli zen politikoki, eta lurralde foruzaleetatik (Euskal Herria, Katalunia…) aparteko lurraldean harrigarriagoa iruditzen zaigun altxamendua bultzatu zuen 1869an.
Zarauztarraren asmoa Leondik Palentzia eta Santander aldera zabaltzea zen, eta handik, karlisten muin eta mamia zen Nafarroako jendearekin batzea. Astorgan saiatu eta porrot egin ondoren, mendirantz abiatu eta taldea osatzen joan zen. Altxamenduak Espainian arrakastarik ez zuela izan jakin zuenean, atzetik zituen soldadu eta guardia zibilei ihes egiteko premia larria zuen; Palentziako mendietatik aurrera egin eta Portugalera iritsi nahi zuen.
Ez zuten probintziatik irteterik izan. Atzetik zetozenak Velilla del Río Carrion inguruan harrapatu zituzten eta tiroketa gogor baten ondoren Balantzategi eta beste bi kide bakarrik geratu ziren. Valcoberora joan ziren, hango apaiza ezaguna baitzuten, baina guardia zibilek atxilotu eta herriko kanposantuko paretan fusilatu zituzten hirurak. 1869ko abuztuaren 6a zen. Altxamenduak egun batzuk besterik ez zuen iraun.
Pedro Josek emazteari bidalitako gutun hunkigarrian dio: "Ni ez naiz politikoa izan… inoiz ez ahaztu erlijioagatik hil nautela".
Erlijioak itsutzen zuen boluntario-jende hura?
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide