Herri jakinduriak osatutako esaera berri hainbaten artean batek dio: Hormek esaten dute jendeak isildu beharrean dutena. Hau da: ozenki esateko zailtasunak ditugun gauzak paretatan agertzen dira idatzita.
Gogoratzen dut nola gure izeko Manolik, Azpeitiko bidean gorantz edo beherantz gindoazela, orain ez den horma bati begira, esan ohi zuen:
–Libra y haz librar a Idiaquez.
Hori omen zegoen horma hartan. Ez da esaera oso garbia. Ez dakit pintada egin zuenaren errua edo izekoren gaizki gogoratzeak sortutakoa den, baina paretako hitz okerren indarrak ekarri dute berriketa hau. Nor zen libratu behar zen Idiaquez hori?
Patxi Idiakezek 23 urte ditu 1932. urtean, getariarra da. Urte horretako otsailaren 24ean, igandea, iskanbilan aritu da Getariako Pelaioren sagardotegian Ziriako Gatzagarekin. Ziriako hau Mutrikun jaioa da, baina urte batzuk badaramatza marinel Getarian; 38 urte ditu. Patxik, igande arratsaldeko beroaldian, esan dio Ziriakori: "Hi ez haiz abertzalea, ez haiz gizona, ez haiz ezer". Ziriakok erantzun dio, bera abertzalea dela, eta ezkertiarra, gainera, eta "hik ez duk potrorik niri hori berriz egun argiz esateko bihar eguerdian". Apustu egin dute, pezeta bana.
Iritsi da astelehena eta han doa Ziriako udaletxe aurreko Getariano tabernara ea Patxik emandako hitzari erantzuten dion. Han, jende ugari; Batzokiko eta Errepublikazaleen Zirkuluko jende asko. Patxi ez da isilik egon. Haserrea handiagotzen joan da. Bultzadak, kolpeak, ostikadak… Ziriakok gubia bat du bizkarrean; odolusten hasi da. Bost minutu nahikoa hilotz bihurtzeko Zirkulura zeramaten bitartean. Autopsiak argituko du arotzaren tresna zorrotzak Ziriakoren aorta bete-betean ebaki duela. Gerra hasi aurretik, gerrateko hildako bat.
Hiletak, ikusgarriak. Jendetza. Herriko jendeen artean, ikaragarrizko tentsioa. Hasiera batean, badira dozena bat atxilotu; azkenerako, Patxi Idiakez da akusatua. Batzokia ixteko agindua. Errepublikazaleek alkatea, bikarioa eta herriko epailea kargugabetzeko eskaria: PNVko gaztearen aldekoak edo "bigunegiak" izan direla.
Idiakezen aldeko jendeak Ziriakoren izaera zakarra aipatu dute: haserrekorra, bibarrusiaka ibiltzen zena, elizako jendeari errespeturik gabekoa… Errepublikazaleek, familiako gizona zela; etxean utzi dituela emaztea, amaginarreba eta semetzat hartutako bi ume. Gipuzkoako zentro errepublikarretan diru-bilketa egin dute familiari laguntzeko.
Hurrengo astean bertan, epaiketa Donostian. Jendetza epaitegian eta kalean. Idiakezek, eta epaian deklaratu behar duten hainbatek, ez dakite euskara baizik.
Patxi Idiakezek dio Zezilio Idiakez anaiari egin ziola eraso Ziriakok, eta bera anaia defendatzera joan zela, ez zuela Ziriako hiltzeko asmorik.
Hogeita bat urteko zigorra eman diote Idiakezi.
Ondoren dator kasuaren durundia. Nazionalistek justiziaren euskalduntzea eskatu dute. Lekukoek zenbaitetan oker ulertu zituztela epaian egindako galderak. Getarian mila sinadura bildu dira kasua berrazter dezaten. Idiakez presoa Madrilgo Gorteetarako hautagai izendatu dute (ez da, beraz, gaur egungo asmazioa). Hormetan hura libra dezaten deiak ageri dira. Urtebeteren buruan errugabetzat eman dute Idiakez.
Hor dago kasuaren historia arrapalada batean kontatua. Informazio gehiago nahi duenak nahiko erraz lor dezake. Nire asmoa, ordea, beste bat zen: hitzen indarra azpimarratzea.
Ziriako, hasiera batean, Getariako batzokira joaten omen zen; gero ANVkoa egin, ordea, eta batzokira bezala joaten Errepublikazaleen zirkulura, eta Patxi Idiakezek hori aurpegiratu, txaketero deituz. Hori izan omen zen sua piztu zuen hitza. Hortxe kontua, ustekabekoa baita hitzen indarra.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide