Gutuna: 900 lagun Azpeitiko berdura plazan bazkaltzen...

Urola Kostako Hitza 2018ko uzt. 13a, 14:36

IRITZIA. Aitor Unanue Albizuri (Azpeitia)

Guztiz eraberritua ikusten dugun Azpeitiko berdura plazan jatorduak egitea ohiko bihurtzen ari zaigu. Herriko jaien atarian, aipatzekoa da bere historiako egun esanguratsu bat. Honakoa: 1936ko ekainaren 14a, igandea, Nekazarien III. egun handia. Urolako trenak izango zuen estimurik egun hartan, milaka nekazari eta abertzale bildu zirelako herrian. Herriko taberna guztietatik eraman zuten jatekoa eta edatekoa berdura plazara; sekulako jai giroa sortu zen, lagunarte giroa, 900 lagun bazkaritan. Kafea hartu eta bertsolariak izan ziren: Txapel, Zepai, Uztapide eta Baserri. Urte hartan, lau bertsolari horiek Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalean aritu ziren; azken hori, gai jartzaile lanetan. Final hartan Txirritak jaso zuen txapela. San Sebastian bezperan jokatu zen, Donostiako Viktoria Eugenian. Finalaurrekoetako bat Azpeitiko berdura plazan bertan jokatu zen, 1936ko Urteberri egunean. 1936ko ekainaren 14ko jaiak, bazkalondoan, zezen-plazan jarraitu zuen. Herri kirolen jaialdia izan zen. Leporaino bete zen plaza. Aurrena lau aizkolari aritu ziren. Gero, sokatiran herriartekoa jokatu zuten: Azpeitia, Oiartzun eta Hernani elkarren aurka. Aurreneko biek jokatu zuten finala. Jaialdia agurtzeko, aurrez berdura plazan aritutako lau bertsolariak eta Andoaingo Etxeberria —urte hartako txapelketa nagusiko finalista hau ere— aritu ziren. Egun hartarako ere iragarriak zeuden harrijasotzaileak, lasterkariak, irrintzilariak, dantzariak eta hizlariak. Euskal pizkundearen adierazpen esanguratsu bat izan zen Azpeitia egun hartan: 1936ko ekainaren 14a, pizkunde haren azken egunetakoa. Hilabete pasatxora, uztailaren 18an, etorriko zen guzti hari amaiera emango zion estatu kolpea, altxamendu militarra. Pizkunde hartan euskal nekazariak elkartu eta antolatu egin ziren; kontsumo kooperatibak sortu; bertsolariak kaleratu eta Euskal Herriko bertso txapelketak antolatu; Euskal hezkuntzan lehen urratsak egin; euskararen egunak antolatu; euskal dantza taldeak osatu; euskalgintzan aurrera egin; langileak antolatu, sindikatuak sortu... Lau hamarkadetako frankismoak etengo zuen hura guztia, eta gure herriaren memoriatik zati oso bizi hura guztia ezabatu nahi izan zuen. Bide bazterrak arakatzeaz gain, badugu gure artxibategiak aztertzen lanik, orduko Euskal Pizkundeari estalkia zehaztasunez altxatzen hasteko. Nor ginen jakinez, nor garen hobeto ulertuko baitugu. Aitor Unanue Albizuri

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide