Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatearen GUTUNA: 'Mertxe Otaegi'

Urola Kostako Hitza 2018ko api. 24a, 18:42

Azken hatsa eman du Nuarben emakume handi eta maitagarri batek, Mertxek. Mertxe Otaegik. Emakume adoretsua izateaz gain, ama bat eta izeba handi bat izan da. Askok ezagutu dugu Mertxe, eta jakin badakigu azken urte hauek ez direla errazak izan ez berarentzat, ezta bere sendiarentzat ere. Izan ere, gaixotasun larri batek etxean loturik izan du. Gogorra izan da amaiera, eta orain, atsedena hartu du. Mertxe Otaegiz gauza asko idatz eta esan daitezke, baina nik bat aipatu nahi nuke: zein duina izan den bere ibilbidea. Egunsenti krudel batek ekarri zion inoiz espero ez zuen berria. Burgosko pareta batean bere abizena bortitz oihukatu zutenean militarrek: Otaegi! Eta ondoren tiroak. Bere ahizpa Mariaren semea zen Angel Otaegi, eta heriotza injustu hark markatu zuen, tamalez, bere eta gure herriaren historia. Putreek beren hegoak zabaldu zituzten, eta barkamenik jaso gabe, justizia gabe eta aitortza gabe, otaegitarrak zokoratzen saiatu ziren. Baina emakume adoretsu honen eta bere sendiaren aurrean galdu egin dute. Ez zen erraza, baina zorionez Mertxek eta bere senideek gorrotoari maitasunez erantzunda egin dute aurrera. Ez da batere erraza izaten heriotzaren inguruan eraikitzea, baina oroimena eta justizia etengabe eskatuz argia ekarri zuen pixkanaka negu gogorrean. Tristea da heriotza batek bizitza markatzea. Horregatik, ziurrenik, beste bizi bat merezi zuen Mertxek, askoz goxoagoa. Baina tokatzen zaigun bizitzaren aurrean dugun jarrera da garrantzitsuena, beti. Pazientzia behar da, baina ez dezagun ahaztu denborak dena bere lekuan jartzen duela. Horregatik, Mertxe duina izan zen oso. Bizitza osoan. Bere bideak gogorrak, baina aldi berean goxoak izan ziren, sentitzen den maitasunaren bideak izan baitziren bereak. Ez da bizitza erraza izan Mertxerena, baina gu guztion errespetua eta aitortza irabazi du. Esango bagenizu, Mertxe, egunsentiak guri ere beldurra ematen digula. Eta guk ere sumatzen dugula iluntzearen ostean iluntze luzeena etorriko dela. Ez gaitzazu bakarrik utzi, gure maitea, ez gaitzazu bakarrik utzi inoiz egunsentian; guk ere ez zaitugulako inoiz bakarrik utziko, eta gu garen bitartean zu ere ez zarelako inoiz bakarrik izango. Oroimena dugun bitartean azalduko dugulako Nuarben duintasuna ikasi daitekeela, eta gure artean izango zarela egunsentietan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide