J.M. Olaizola 'Txiliku' 'Puntuka': Agurrak

Urola Kostako Hitza 2018ko mar. 22a, 12:40

Askotan ez dugu geure inguruko gabezien berririk izaten zerbaiten beharrean sentitu eta haren falta sumatzen dugun artean. Trantze horretan gaudenean ikusten dugu hutsunea eta sortzen zaigu hutsune hori betetzeko beharra. Eta trantze gogorren artean alboko norbaiten heriotza izan ohi da gogorrenetakoa. Izan ere, zailak dira azken-agurrak, eta hainbat zailagoa zenbat eta hurbilagoa izan azken-agur hori jaso behar duena. Norberaren saminari bide emateko gizarteak sortu izan ditu halako portaera edo ekitaldi batzuk: hileta, segizioa, agurra… eta denborarekin agur horiek errito bilakatu dira kultura bateko partaideen artean; jende gehienak ezagutzen eta onartzen dituen gauzak egiteko modu batzuk ezartzen dira, alegia. Eliza katolikoak baditu bereak, azkeneko bi mila urtean zehar finkatu eta osatu direnak, eta ia gaur eguneraino ezinbestekoak izan direnak gure herrian. Kontua okertzen da zenbaitek, bere borondatez, errito horiek utzi nahi dituenean, ez duenean errito katolikoa erabili nahi bere azken-agurrean. Zer egin horrelakoetan? Aldaketak eman dira azkeneko urteetan gure herriaren kultura-ikuspegian. Esate baterako, ia gauzarik arruntena bilakatu da ezkontza zibila, eta, gaur egun, inolako harridurarik gabe onartzen dugu duela urte batzuk ezohikoa, eta beste urte batzuk gehiago debekatua, zen ekitaldi hori. Baina ezkontza pozezko ekitaldia da (gehienetan, behintzat) eta askoz errazagoa da pozezko ekitaldi bat antolatzea saminezko bat baino. Gainera, denborarekin sortu dira ezkontza horiek ospatzeko modu eta leku egokiak: udaletxeetan, epaiketa-aretoetan… eta bada ekitaldia antolatuko duen ekitaldi-buru edo "apaiz zibil" antzekoa, izan bedi alkatea, zinegotzia edo epailea. Kontua asko aldatzen da zerbait ospatu ordez, heriotza baten samina kudeatu eta horretarako ekitaldi bat bideratu behar denean. Egia esate aldera, izan dira aurrez ere behar hau sumatu eta arazoa konpontzeko hainbat ahalegin egindakoak. Goiztiar bat aipatzeko, Errepublika garaian Eibarren egindakoa, hileta zibilak egiteko udalak eskaintzen zituela lekua eta "apaiz zibila". Hurbilago, zenbait herritan dagoeneko direnak. Bat esatearren, Errekaldeko tanatorioan dagoen aretoa. Baina gero eta behar handiagoa dago "ohikoa" izan den hileta erlijiosoaren ordez "beste" erabatekoa izango den bat egiteko aukeraren premia, herrian bertan izango dena (edo eskualdean, agian), eta udaleko zerbitzuek jarritako leku eta antolakuntza baten babesean. Labur eta azkar esanda, hileta zibilak antolatzearen beharra. Joan den aste horretan, kuadrillako bat hil zaigu bat-batean, ez ustean; sei asteko amildegi batean itzali da, ustez osasuntsu egotetik hilotz erori artean. Pertsona ona gure Martxel, eta halakoa izanik jende askok agurtu nahi zuen, eta hor hasten dira nahiak eta ezinak. Horrelako egoera batean, normalena denez, familiakoak, eta hurbileko gehienak nahiko lur-jota egoten dira, eta ezinezkoa zaie behar den kemenarekin ekitea. Hileta zibilak egituratuta ez daudenez, zer egin asmatu ezinik ibili ohi dira agurra antolatu nahi dutenak. Nondik hasi? Zer esan? Nork egin? Non egin? Nondik bideratu megafonia? Nola apaindu gela? Nola konpondu denei aukera eman eta luzeegia izango ez den zerbait egiteko inor mindu gabe? Nork egin ekitaldiaren jostura-lanak dena ondo lotzeko? (Eskerrik asko, Xabier, ekitaldi-buru gisa egindako lanarengatik). Seguru nago jende askok igarri diola dagoeneko gure herrian dagoen gabezia honi. Guk igarri genion udalari alokatutako Villa Mundako gune hutsean sartu ahala: "Zarautzek behar du hileta zibilak egiteko gune bat", etorri zitzaigun bihotz eta ahoetara, eta nire betebeharra iruditu zait orain idatzi eta paperera eramatea eskakizun hori. Hor dago aldarrikapena!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide