Zestoako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako langileek ondorengo gutuna igorri diote Urola Kostako Hitzari, aurreko asteko udalbatzarrean
herritar talde batek irakurritako testuari erantzunez:
Azaroaren 25ean, emakumeok sentimenduak borborka ditugula aprobetxatuz, eta politikoki gai mamitsua izan daitekeela baliatuz, Zestoako herritar talde anonimo batek idatzi bat plazaratu zuen besteak beste gure aurkako salaketa gogorrak jaurtiz. Ulertzekoa da talde anonimo honen ekina, beraien lagun minari lagundu nahian dabiltzalako, eta ulertzekoa da gaiaz gutxi dakiena idatziarekin ados egotea edo norbaitek gaia politikoki erabiltzeko tentazioa izatea. Baina hango salaketak, guri dagokigunez, gaiaz ezer gutxi dakiten ustezko profesional anonimoen iritzietan, susmo txarretan, erdizkako egietan eta gezur borobiletan oinarrituta daude, eta gure urteetako lan ona zalantzan jartzen dute. Honen aurrean ezin gara defenditu gabe isilik geratu.
Orain arte, beste mila kasutan ez dugu haien berririk izan; baina urtebete daramagu kasu hau dela eta talde honen gero eta presio gogorragoa jasaten gure lana, gure idatziak eta gure ekintzak beraiek nahi bezalakoak izan daitezen. Borondate onenarekin seguruenik, baina gu manipulatu nahian dabiltza erdizkako informazioa zabaltzen politiko, zinegotzi eta alkate, talde feminista eta orain herritarren artean. Guk informazio osoa dugu, harreman zuzena dugulako erakunde desberdinekin (ertzainak, mediku, psikologo eta pediatrak, eskola eta haurtzaindegiak, epaitegiak…) eta kasuan inplikatuta dauden guztiekin; baina gure lanaren oinarria diskrezioa eta konfidentzialtasuna dira, eta ez dugu inongo daturik plazaratuko.
Aspalditik ari gara isil-isilik behar izan duten emakumeei laguntzen eta halaxe jarraitzeko asmoa dugu. Gure lana da. Idatzian aipatzen den kasuan ere badakigu lana ondo bete dugula. Hasieratik eskaini diogu laguntza osoa emakumeari eta oraindik lagundu nahian gabiltza; baina profesionaltasun osoz eta gure ahalmenen barruan. Ez inoren esanetara.
Beti izan dira gure lehentasuna ahulenak, gehien sufri dezaketenak, batez ere adin txikikoak, eta haiek babesten ahalegintzen gara; baina ez gara epaileak, zenbait ekintza eta erabaki ez daude gure esku, eta gauzak uste edo nahi bezala ateratzen ez direnean arrazoi asko egon daitezke tartean.
Lanean jarraitzen uztea besterik ez dugu nahi. Kasu larri asko dugu eskuartean eta ezin gara presio honen azpian aritu. Zorionez jende askok agertzen digu esker ona emandako laguntzagatik eta ezagutzen gaituztenak badakite nola egiten dugun lan eta aitortzen digute lan ona. Gure aldetik eskerrik beroenak momentu gogor hauetan gureganako konfiantza erakutsi eta babesa eskaini diguzuenoi. Guk lanean jarraituko dugu kasu honetan eta beste guztietan, eta talde anonimoen ekina eta azaroaren 25eko grina eta politikoen interesak ahultzen direnean ere, hantxe arituko gara behar duenari gure esku dagoen laguntza guztia eskaintzen.