Iñaki Segurola Puntuka: 'Dorre bikiak'

Urola Kostako Hitza 2017ko urr. 12a, 10:20

Batzuentzat mundua 68ko maiatz famatu hartan aldatu zen bezala, nere mundutxoan, barkatu harroxkokeria, baina hilabete aurreratu eta 68ko apirilean izan zen aldaketa iraultzailea. Eta aldaketa hasi zen etxe-aldatze soil batekin. Errentan bizi ginen etxe zaharretik etxe berrira joan ginen bizitzera, eta etxe hura, orduan behintzat, ez zen nolanahikoa: zazpi pisu zituen eta ez zeukan teilaturik, eta bai gainean terraza bat, eta –gaurkoan garrantzizkoena– bazuen pare-parean beste zazpi pisuko etxe bat, ia berdina kanpotik baina barrutik desberdina oso: parekoak 7 pisu eta 7 bizitza zituen, eta gureak, berriz, 7 pisu eta 14 bizitza; parekoan "zazpi haundiak" bizi ziren eta gurean "hamalau txikiak", eta halaxe esaten zen gainera, eta halaxe deitzen zitzaien gure dorre bikiei (gu kabitu beharreko tokia ez zen 80 metrokoadrora iristen eta haiena 150tik gorakoa zen); gurea langile jendearentzat pentsaturik egingo zen eta parekoa "zeoze" zen jendearentzat, izenez eta izanez; hau da: diruz. Eta xehetasun polit bat: paper-gaineko argazkian ez da kolorerik ikusten, baina ez dakitenentzat esan beharra dago gure etxeak, argazkian eskubian ageri denak, gorriak dituela balkoiko barandako koadroaren betegarriak, eta parekoak –nola ez ba?– urdinak. Bai erraza jarri zidatela politizazio iraultzailea! 68ko apiriletik aurrera, beraz, jakin izan dut (jakinaren gainean baino gehiago jakinaren azpian) mundua zegoela banatua edo zatitua haundi-urdin eta txiki-gorrien artean, eta gu txiki-gorrietakoak ginela. Ez nuen behar izan inolako dotrina edo ideologiarik horretaz jabetzeko; gure dorre bikiek erakutsitakoarekin nahikoa eta gehiegi neukan. Etxe urdinekoak, esanda bezala, zeoze ziren, gu ez bezala. Hain ziren zeoze, hain izan nahi zuten zeoze, non hango seme-alaba gehienek ez baitzuten euskaraz natul ikasi, zeren guraso azpeitiano aberaskilloek ez baitzieten erakutsi. Etxe oneko jende haren beste ezaugarri bat zen udan oporrak pasatzera kanpora joaten zirela eta askok beste nonbait etxea izaten zutela horretarakoxe; langilekumeok gehienez ere inguruko mendi-bazterren batera edo eskualdeko hondartzaren batera eramaten gintuzten tarteka. Aberaskumeak, batxillerra egiteko garaia etortzen zenean, "kolejiora" bidaltzen zituzten, jakintzaz ere besteok baino gehiago izan beharra baitzeukaten erremedio gabe, eta handik etortzen ziren edo lehenaz-gain tontotuak, edo bestela oso lixtotuak, baina dirua mugitzeko jakintzan bakarrik. Esan beharrik ez dago aberaskumeak apolitikoak izaten zirela ia erabat, eta ordena publikoaren oso zaleak (guardozobillak zeuden orduan herrian). Aitortu beharra daukat, pareko etxeurdindarrei esker, nazka dexentekoa eta betikoa hartu niela aberaskume erdaldunei eta, bide batez, erdarari berari; uda kanpoan pasatzeari eta aberatsen turismoari eta, bide batez, turismo hutsari; kolejioan tontotutako lixtoei eta lixtotutako tontoei eta, bide batez, kolejioei berei ere bai; apolitiko ordenazaleei eta, bide batez... zeri? jende normalari?, gizarte normalari?... zeri ez? Bo, pareko etxeurdindarren gain ezin emango dugu erru guztia, baina bai, esan dezagun, arinagotik, eragin edo kontraeragin dexentekoa izan zutela nere bilakaera normalkontrakoan. Sekula ez dut garbi jakin zeren alde nagoen, baina zeren kontra nagoen jakiten asko lagundu zidaten gure dorre bikietako etxeurdindarrek. Nazka sozialak nere baitan luzaz izan duen nagusitasun hori arintzen izan ditut lanak gero, eta arintzen diot eta ez kentzen, zeren... entzun ondo, etxeurdindarrok, pareko etxeurdindar ordukook, nonahiko etxeurdindar betikook: hori kendu, ez dago zeharo kentzerik sekula. (Ohar teknikoa, eskualdeko ikuspegitik: Zarauzko alderdi txiki-gorritik maiz iristen zaizkigu azpeitiano inbaditzaileen kontrako purrustadak, Zarautzen uda-etxea daukaten aberaskilloen kontrakoak, esan nahi nuke. Kostako purrustalariok: jakin ezazue inbaditzaile horien kontrako jardun edo ekintza guztiak gogo onez hartuko ditugula azpeitiar etxegorritarrok.)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide