Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' Puntuka: 'ZTG'

Urola Kostako Hitza 2017ko abu. 31a, 09:47

ZTG ez da sindikatu berri baten izena, ezta ikastoki batena ere; ZTG zientzia, teknologia eta gizartea lotzeko lanetan aritzen den joera bat da, ikuspegi hirukoitz horrekin gauzak eta ekintzak aztertzeko bidea. Izan ere, zientziak eta teknologiak hainbat aurrerapen sortu badizkigu ere, aurrerapen horiek ez dute ezinbestean eta beti gizartearen hobetzea besapean ekartzen. Bizi garen gizarteko jende gehientsuena ez gara teknofoboak, eta gehienetan nahikoa ondo hartzen ditugu teknologiak ekarritakoak (ez dago ikusi besterik zein alai onartu dugun sakelako telefonoa). Beti egongo dira aurka azalduko diren ahotsak, dauden eta ez dauden arriskuak aldarrikatuz, baina, orokorrean, begi onez ikusten ditugu zientzia eta teknologia. Bizitza errazten digu teknologiak, gauzak azkarrago egiten lagundu, eta libreago sentitzen gara, mundua kontrolpean dugula ametsarazten baitigu; baina ZTG ikuspegiarekin begiratzen badugu, tarteka, zerbait gaizki dabilela suma genezake, teknologiak eta gizarteak talka egiten baitute. Pentsa ezazu unetxo batez teknologiak asmatua duela dezibelioak neurtzeko tresna bat, eta, ez hori bakarrik, neurtzeaz gain badela tresna horretan soinu-mugatzailea, alegia, burrundara neurri batetik gora igotzen den bakoitzean, moztu egiten dela soinu-iturria. Ño! Teknologiaren aurrerapenak! Orain imajinatu auzo bateko jaiak direla, jo dezagun Zarauzko Azken Portuko jaiak (batzuk aukeratzeagatik), eta teknologia aplikatzen dela (halaxe datorrelako ordenantzetan, eta hiru egunetako festaren zaratak gogaitu egiten dituztelako kopeta beltzako zenbait auzoko), eta ez dagoela kontzertua ematerik, lehenengo kantarekin dezibelioek harrotu egiten direlako behar baino gehiago, eta makinak, zorrotz, esaten duelako hainbatetik behera ez badatoz ez dela dezibeliorik izango, eta itzaliko dituela hango suak eta oihuak. Pentsatu, ondoren, festa herrikoiak antolatzen ari den komisioak Nahikoa dugu! esan, eta bertan behera uzten duela kontzertua… eta festak, eta gainerako konfiteak…; eta jendeari, auzokoari eta herrikoari, dezibelioak burura igotzen zaizkiola, eta kalera irteteko gogoa sortu, eta sekulako jende pila hasten dela zaratan herriko kaleetan zehar dezibelioak zabalduz manifa zaratatsuan. Gainera, batzuk berehala hasi dira esanez Barren plazan (Pilarrean) astebukaera oro, eta pintxo-pote dagoen bakoitzean izan ohi dela dezibelio nahiko makina hori zarata mugatzen hasteko, eta ea herri honetako biztanle batzuek beste batzuek baino eskubide gehigo ote dituzten salaketak egiteko beste batzuek baino lotsagabeagoak direlako. Eta beste batzuk diote ea amabirjinetako suek, umeak izutu eta zakurrak intzirika jartzen dituzten horiek, behar ote duten dezibelio-mugatzailea; eta tabernak hurbil dituztenek (aipatu gabe turismoaren masifikazioa, hori urkatuaren etxean soka aipatzea bezalakoa baita), galdetu dute ea zer egin lo lasaia izateko udako egun gehientsuenetan. Kontuak kontu, garbi da jendea asaldatu dela, eta ikusi duela auzoko festen istorio horretan zerbait ez dela ondo joan. Teknologiak ondo funtzionatu du, baina zerbait oker dago. Eta jende askok, ZTGn ezjakin samarrak izanik ere, begibistan dugu G hori (gizalegez jokatzea) izan dela funtzionatu ez duena. Tamalez, oraindik ez dago teknologia nahikoa neurtzeko ea norbaitek gizalegez jokatu duten ala ez, nolakoa izan den pertsonaren portaera, haren konduta… eta tresna horren faltan guk izan beharko dugu, herritarrok, zu eta ni, jokabidea epaituko dugunok, eta niri galdetzen badidate esango dut zer iruditu zaidan udalaren jokaera auzoko festetan: konduta eskasa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide