Josu Labakaren GUTUNA: Sortzaileak

Urola Kostako Hitza 2017ko uzt. 21a, 18:03

Josu Labakak honako gutun hau idatzi du Azpeitiko kultur mugimenduaren inguruan.

Pasatu den ostegunean, Kultur Mahaiak deituta, herritar mordoa bildu ginen Soreasun. Dinamoa Sormen Gunearen oinarriak onartu eta abiapuntua jartzeko babes zabala erakutsi zuten kulturaren jardunean dabiltzan hainbat herritarrek. Eta mugitu zitzaidan zerbait nire baitan. Sentitu nuen halako urduritasun identifika ezin bat, giroan ere suma zitekeena. Zerbait handia izango denaren lehen puntuan sentitzen denaren antzeko zerbait. Oroitu nintzen Soreasuko antzoki zaharra eraitsi zuten egunaz. Azpeitia antzokirik gabe utzi zuten egunak ziren haiek. Plazatik pasatzean, gogora etorri zitzaidan nola garai hartan udaletxe azpiko arkupe horiek eman zioten babes herriko kultur dinamikaren zati zabal bati. Beste garai batzuk ziren haiek, atzean utzi ditugunak. Gauzak pixkana eta herritarren beharrei erantzunez egitea beharko luke gure lana. Hilabeteak eta bilera luzeak behar izan ditugu Soreasuren etorkizuna marraztuko duen proiektua osatzeko. Baina egin dugu. Denon artean. Adostuta. Beharra sentituta. Kulturgintza indartuta. Eta garrantzitsuena, herritar askok babestuta. Hori da azken hamarkadan herriko kultur politika bateratuaren diseinuan asmatu izanaren gakoa. Eta, Soreasuko proiektuan sakontzerakoan, Udalean ez genuen dudarik izan erronkari nola eta norekin aurre egin erabakitzerakoan; kultur eragileok izan behar duzue protagonista. Urte luze honetan, aitortuko dizuet, zail egin zaigu askotan denok buruan genuen ideia hori bateratu eta irudikatzea. Baina une zail horietan ere kultur mugimenduko kideen ekarpen eta ideiei tiraka aurrera egin dugu. Iritzi desberdinak jaso dira eta oraindik ere aterako dira honen eta bestearen inguruko kezkak; findu beharko dira ñabardurak. Baina, egiten ari garen bidea etorkizunerako giltzarria izango dela esatera ausartuko nintzateke. Jende anitza; adinez, dsiziplinaz, ideiaz… bidea konpartitzen dihardugu. Helburu eta asmo berari lotu gatzaizkio; kultur sortzaileak babestea. Uste dugu, garrantzitsua dela herriarentzat estrategikoak diren erabakietan adostasun sozial zabalak lortzea. Horren adibide da bidean kostata ireki den Sanagustin kulturgunea. Hasiera-hasieratik gune hori eraikitzeko ilusioan sinestu genuen, eta ilusio horri heltzen dio gaur egun ere herritar ugarik sostengatzen duten Kulturaz kooperatibak. Horregatik, Soreasu eraikitzeko orduan ere konfiantza izan dugu Kultur Mahaiarengan eta kultur eragileengan. Gaur, beraien ahalegina eta lortutako emaitza eskertu beharrean gaude. Eskerrik asko, beraz, Azpeitiko Kultur Mahaia oasatzen duzuen guztioi eta eztabaida prozesuan parte hartu duzuenoi. Orain, Udalari dagokio Soreasuko lehen solairuko obra abian ipintzea. Horretarako konpromisoa hartua dugu kultur eragileen aurrean, eta obra proiektua definitu bezain laster hasi nahi dugu lanean. Lehendik ere osasuntsu ageri den kultur dinamikaren gainean eraikiko da proiektu berria, eta jakin badakigu, obrak bukatu orduko beteko dela edukiz sormenerako gunea. Badugu horretarako bermea; emaitza ikusgarriak lortu dituen kultur jarduera eta herriko sortzaile geldiezinak!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide