Gutuna: 'Zumaiako ezker abertzalearen eskertza Jeronimo Azkueri'

Urola Kostako Hitza 2017ko uzt. 5a, 10:04

Atzo Iraetan auto istripuz hildako gizonezkoari honako eskertza gutuna igorri dio Zumaiako Sortuk: "Atzoko eguna albiste triste batekin amaitu genuen, Jeronimo Azkue kide eta lagunaren heriotzarekin. Ezer baino lehen, Zumaiko Ezker Abertzaleak bere dolumin eta besarkada sentituena helarazi nahi dizkie Jeronimoren senideei. Belaunaldi militante eta emankor baten parte, herriko ikastolaren lehen urteetatik hasi eta Inpernuperen sorreraraino, Jeronimok Zumaian egin duen lana ez dugu ahaztuko. Bere konpromiso eta militantziak tortura, espetxea eta erbesteratzea behin baino gehiagotan ezagutzera eraman zuen Jeronimo, eta baita, iparraldeko iheslari garaian, GALen gerra zikinaren mehatxupean garai gogor hartan familia hazi behar izatera ere. Hala ere, Jeronimok ez zuen inoiz etsitzen, eta bizi osoa eman du borrokan, euskararen alde, presoen eskubideen alde eta hamaika borrokatan musutruk bere izerdia ematen. Belaunaldi berriok aurrekoen lekukotzak eta ereduak jarraitzeko asmoa dugu, eta zalantzarik gabe, Jeronimori eman duen guztia eskertzeko modu bakarra helburu zuen Euskal Herri askea lortzea izango da. Eskerrik asko Jero, ez izan zalantzarik: zure eredua jarraituz IRABAZIKO DUGU!".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide