Eneko Etxeberriaren GUTUNA: Gure kulpa, bidegorria egin nahi izatea

Urola Kostako Hitza 2017ko eka. 16a, 11:40

Urrestillako bidegorria ika-mikarako gaia baino lehentasunezko proiektua da Udalarentzat. Are gehiago, Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat ere garrantzitsu bihurtu eta hitzarmena sinatzea lortu genuen. 2015eko martxoko plenoan aho batez onartu genuen bezala proiektu hori urte berean egitea ahalbidetuko zuen arau forala onartzeko eskatzea.
Ordurako Udalak herritarren nahi eta beharrei erantzungo zien proiektua egina eta ordaindua zuen, eta Aldundiko arduradun tekniko eta politikoekin adostua. Konpromiso sendoa zegoen egiteko. Proiektua eta dirua lotuta zeuden, eta egiten hastea gelditzen zen, eta hori bera argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari ofizialean. Baina, hauteskunde bezperetan, eta taktika politikoaren baitan, EAJk Aldundiko aurrekontuen kontra bozkatu zuen, eta onartu ez zirenez, gure herriko proiektua gauzatzea zapuztu zen. Bi erakunderen arteko konpromisoa idatzia dago: adostua, sinatua, konprometitua. Baina zein da Aldundiaren interesa hitzarmen hori ez betetzeko? Erakundeak herritarrenak dira, ez alderdienak, eta herritarrei emandako hitza errespetatzeko lanean ari da Udala. Eta gatozen demagogiara. Hitzarmen honen harira, 2015eko maiatzean EH Bilduk (EAJren aldeko bozarekin) bi erakundeen arteko hitzarmena onartu zuten. Bai, aho batez, denok. Guk egingo zela hitzartua genuen. Non gelditzen da orain demagogia hitza? Demagogia da Gipuzkoako Batzar Nagusietan Urrestillak bidegorrik ez duela behar defenditzea. Legegintzaldi berria hasi zenetik Aldundiarekin harremanetan dago Udala. Bidegorri hori egitea da gure eginbeharra. Erantzuna beti bera izan da, ez dela lehentasuna, ez dutela dirurik. Eta Aldundiak hitzarmena betetzeko asmorik ez duela ikusita, Udalak eskaera berri bat egin dio. Urrestildarrok eta azpeitiarrok Gipuzkoako Foru Aldundiaren inbertsiorik ez badugu merezi, geuri egiten uzteko eskatzen ari gara azken hilabeteotan. Gu bidegorri osoa egiteko prest gaude. Baimena bakarrik behar dugu. Hilabete bat bestearen atzetik daramatzagu erantzunik jaso gabe. Zain gaude. Erantzunaren zain. Eta irtenbiderik ez badugu aurkitzen, ez badigute eskaintzen, hitzarmena ez betetzeagatik epaitegira jotzeko bidea hartuko dugu. Gestio asko eta eskaera asko luzatu dizkiogu Aldundiari azken hilabeteetan, eta Azpeitiko Udaletik eskaera bat eta bakarra egiten dugu azken hilabeteotan: bidegorria egiten uzteko. Eta bitartean Lasaokoa ere utziko bazenigute, hobe. Ondo pasa sanjoanak!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide