Aitor Gorrotxategiren GUTUNA: Urrestillako bidegorria

Urola Kostako Hitza 2017ko eka. 14a, 11:36

Gipuzkoako Foru Aldundian zegoela, Bilduk Gipuzkoako lurraldearen bizikleta-bideen arloko plana proposatu zuen. Bertan azaltzen ziren Gipuzkoan zortzi urtetan egin behar ziren bidegorriak. Urrestillako bidegorria egitea ez zen aurreikusten aldi horretarako. Azpeitiko Udalak hain garrantzitsutzat jotzen zuen bidegorria, 2022 ondoren egin beharreko berrikuspenean aztertzea proposatu zuen Foru Aldundiak, Bildu zegoenean. Erantzun hori izan zen Azpeitiko Bilduk lortu zuen gauza bakarra. Hori izan zen Urrestillako bidegorriari eman zioten lehentasuna. 2015eko ekainaren 21ean, hauteskundeak baino hiru egun lehenago, Azpeitiko Udalak Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmen baten berri eman zuen. Baina, Foru Aldundiaren 2014ko eta 2015eko aurrekontuak aztertzen baditugu antzemango dugu ez zela euro bakar bat ere bideratu Urrestillako bidegorria egiteko. Hauteskunde bezperatan herriari ilusio faltsuak emateak izen bat du, demagogia. Beraz, gestio eskas baten erantzukizuna ez eragotzi besteei, mesedez. Guretzat ere Urrestillako bidegorria oso obra garrantzitsua da, eta gure laguntza eskaini dizuegu, baina beste bidegorri batzuei eman diezue garrantzia, eta orain egoera honi buelta ematea zaila izango da. Esan egia herriari, ez saiatu engainatzen, eta berriz esango dizuegu gure laguntza duzuela lantegi honetarako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide