Arroabeko ikasleak, gaur goizean auzoa txukuntzen. (Kepa Iribar)
Sakulupe Guraso Elkarteko kideak oso gustora gaude atzoko Eskola Txikien Festarekin. Aurreko hilabeetan egindako lana azaleratu zela uste dugu.
Eskerrak ematen hasita, zerrenda luzea ateratzen zaigu. Lehenik eta behin, atzo Arroara etorritako familia guztiei eman nahi dizkiegu. Ez dakigu zehatz zenbat jende hurbildu zen, baina asko izan zela argi daukagu. Datu batzuk baditugu: 1.300 otarteko saldu ziren gure postuetan, eta 400 pintxo ere bai. Kantu bazkarian, berriz, 320 lagunek hartu zuten parte. Beraz, datu zehatzik izan gabe, 2.000 laguneko langa gainduto zela pentsatzen dugu.
Egunean bertan lana egin zuten guztiei, auzotarrei zein kanpotarrei –270 boluntario, guztira– mila esker; haiek gabe festa ez litzateke posible izango. Zer esan lanean asteak edo hilabeteak eman dituztenei buruz; festaren motorra izan dira.
Gurekin batera orpoz orpo aritu den Arroako eskolari ere eskerrak eman nahi dizkiogu. Bertako irakasle eta langile guztien inplikazioa benetakoa izan da aurrez eta festa egunean, mundial egin duzue.
Gure alboan sentitu ditugu EHIGE eta Baikara guraso elkarteak, eta eskola txikietako irakasleen koordinatzailea; haiei ere eskerrak.
Gure eskerrik beroenak era batera edo bestera lagundu duten enpresa, talde, edo elkarteei, egun guztian zehar auzoa girotu zuten musika taldeei, eta tailer ezberdinak antolatu zituzten guztiei.
Eskerrik asko Zestoako Udalari eta bertako brigadako zein bestelako langileei, festa aurretik eta ondoren Arroa prestatu eta txukundu dutenei.
Atzo Arroara etorrita gure festa eta orohar eskola txikiak babestu zituzten Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariei ere eskerrik asko. Baita hezkuntza munduko elkarte, sindikatu, eta alderdi politikoei ere.
Muxu potolo batekin eskerrik asko Porrotxi, lehenaz gain, gure umeak buru belarri festari begira jarri zituen bisita sorpresagatik.
Esker ona agertu nahi diegu gure mezua lau haizeetara zabaltzen lagundu duten komunikabideei, bozgorailu bikaina izan zarete eta gurea bezalako auzo txiki batek halako oihartzuna izateak erabat bete gaitu.
Eskerrak ematen hasita, baita ama lurrari edo naturari ere. Gaur goizean esnatu garenean geneukan euri langarra ikusita, atzo jada oso ona iruditu zitzaigun eguraldia are gehiago estimatu dugu.
Eskertza luze honetan inor ahaztu baldin badugu ez gaizki hartu. Oraindik atzoko emozioa eta nekea gurekin ditugu eta baliteke memoriak huts egin izana, baina denok zaituztegu gogoan, bikaina izan baita.
Azken lerroak Oikiara begira idatziko ditugu: gure berotasuna eta hauspoa oikiarrei, guk egindako bidea orain hasiko dute haiek, luzea eta gogorra une batzuetan, neketsua ere bai, baina aberasgarria eta gozagarria zalantzarik gabe. Animo eta eutsi gogor!
Eskola txikiak bizirik, auzo eta herri txikiak bizirik!