Azaroaren 29an ohiko udalbatzarra izan zen Orioko Udalean, bertan EAJren udal taldeko zinegotziek babesa eman zioten alkateari, komunikabideetan honen aurka egindako adierazpen batzuen harira. Orioko EAJ osatzen dugunok, bat egiten dugu udal taldearekin zera adieraztean:
• Orioko EAJ udal taldeak, alkatea buru dela, agintaldi honetan hainbat eta hainbat gai atera dituela aurrera.
• Hauek guztiak aurrera eramateko udal talde guztiaren lana dagoela atzetik, eta lan horren ondorioz Orioko Herriari onura ekarriko dien hainbat ekimen martxan jartzen direla alkatearen eskutik.
• Gaiak aurrera eraman ahal izateko ezinbestekoa izaten dela beste udal taldeekin hitz egin eta adostasunak bilatzea. Denok nahi dugu onena gure herriarentzat eta orain artekoak argi utzi du guztiok gaudela eztabaida eta akordietarako prest. Ahalik eta adostasun maila handiena lortzea da Orioko EAJren asmoa.
• Orioko EAJk argi du egunerokoan hobetu daitezkeen elementuak egon badaudela, eta horretan dihardutela udal taldeko kideak egunero. Gure herriak merezi du eta gure onena ematea.
Adierazpenek hitzetan soilik gelditzearen arriskua dute, baina astearteko udalbatzan egindako adierazpenek errealitatean oinarri sendoa dutela nabarmendu nahi du Orioko EAJk. Izan ere, pleno horretan bertan, hainbat proiektu aurrera eramatearen aldeko akordio garrantzitsuak eman ziren. Herriari eta herritarrei onura ekarriko dieten hainbat inbertsio burutzea adostu zen. Arozenako aparkalekuaren handitzea, Itsaspeko malda konpontzea segurtasuna bermatuz, Etxeluzean ere segurtasuna eta egoera osasungarria bermatuko duten egokitzapena eta Mutiozabal ontziola eusteko mantentze lanak egitea adostu ziren besteak beste.
Bide batez, komeni da mahai gainean jartzea, gure herrian bizi diren pertsonen bizi-kalitatea hobetzea helburu dugunean, alderdikeriak eta pertsonalismoak albo batera utzi behar direla. Amankomunean dugun helburu honi ez dio batere onik egiten norbanakoen desprestigio hutsa bilatzen duten adierazpenek. Honek ez dio ezer onik ekarriko herriari, agian alderdi batzuei bai, baina Oriori ez, eta hori da gu gehien kezkatzen gaituena.
Orioko EAJ