Norabiderik gabe eta geldirik dagoen udalak nekez egin dezake aurrera; gehiago esango genuke: geldirik egoteak atzeraka eramaten gaitu. Horixe da Orioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) idazketa-lanak bizi duen geldialdiaren ondorioz gertatzen ari dena.
Etorkizunean noraino hazi behar du Oriok? Zer egin hiriguneko eremu degradatuetan? Zein izango dira gure ekonomiaren zutabeak? Azpiegiturak direla-eta zer behar aurreikusten ditugu? Eta ingurumenari dagokionez? Galdera horiei guztiei proposamen zehatzekin erantzun behar lioke Plan Orokorrak. Gure ekonomia eta gizartea bizi-bizi ari da aldatzen eta, aldaketari egoki erantzuteko, ezinbestekoa zaigu Plan Orokor (HAPO) eguneratu bat.
Erronka horiei erantzun ahal izateko, EH Bilduren gobernuak Plan Orokorraren idazketa-lanak hastea erabaki zuen aurreko agintaldian, 2013ko azaroaren 8an. Ondoren, 2014ko ekainaren 25ean, herritarren parte-hartze programa onartu zen eta 2014ko abenduaren 23an, Planaren aurrerapena. 2015ean, berriz, Plan Orokorraren zehaztapenak herri osoari zabaldu zitzaizkion, eskuorri batzuen bidez, eta herritarrekin partekatzeko bidea jarri zen lau saio irekitan. Helburua zen gaia guztion artean lantzea eta adostasun zabala lortzea, gure etorkizuna bultzatzeko tresna eskuartean izateko.
Ondoren, udal hauteskundeak eta gobernu aldaketa etorri ziren. EAJk bere gain hartu zituen ardura guztiak, eta zer egin dute geroztik? Ezer-ezer ez, edo ezer gutxi.
2015eko maiatzetik herritarrek idatziz egindako iradokizunek ez dute oraindik inolako erantzunik jaso, eta 2015eko azarotik urtebete pasa dugu bilera bat bera ere egin gabe. Esan dezakegu duela 18 hilabete bezala gaudela, inolako aurrerapausorik eman gabe.
Arduragabekeria? Seriotasun falta? Horretan ez dugu inolako zalantzarik; baina, gure ustez, jarrera horren atzetik badago ezkutuko arrazoi bat: Orioko EAJk herritar guztien interesen gainetik zenbaiten interes partikularrak babestu nahi ditu eta horiek behar bezala lotu arte ez du ezer mugitzeko asmo edo interesik.
Tristea da, baina prozesu guztia gelditzeari ez diogu beste arrazoirik ikusten.
Orioko EH Bildu