Ez dugu ezer ulertzen. Hasteko, ez dugu ulertzen udalak zergatik aldatu nahi duen hondakinak biltzeko sistema, ez baitute azalpen zehatzik eman. Ez dugu ulertzen alkate jaunak zergatik jende aurrean esaten duen 720 pertsonari entzuteko prest dagoela, gero pribatuan ezin dela ezer negoziatu esateko. Ez dugu ulertzen udalaren osoko bilkuran esandakorik. Sistema berriari buruzko informazioa emateko bilera egingo omen dute, baina alkate jaunak ez du erantzun nahi izan herritarrek bilera horretan esandakoari jaramonik egingo dion ala ez. Eztabaida luze baten ondoren, hitz egiteko eskaria luzatzen zuen mozioari ezetz esan eta gero, hitz egitea ondo legokela esan zuen ezezko bozka emandako zinegotzi batek. Zur eta lur geratu ginen.
Eta orain zer? Ez dugu hondakinak biltzeko gaur egungo sistema inposatu nahi, baina ez dugu haiek beste sistema bat inposatzerik nahi. Eseri, eztabaidatu eta berme batzuk izango dituen sistema bat adostu nahi dugu. Hori guztia kontuan hartuta, sinadura gehiago biltzea erabaki dugu. Itxura denez, 720 pertsona ez gara nahikoa udal honek entzun gaitzan. Abenduaren 17an, larunbatean, eguerdiko 13:00etan Zestoako plazan kontzentrazio zaratatsu bat egingo dugu, ea behingoz udal honek entzuten gaituen. Zuk ere sistema bat adostea nahi baduzu eta oraindik eskaria sinatu ez baduzu, etorri eta sina ezazu!
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide