Iñaki Segurola PUNTUKA: '6,35 euro'

Urola Kostako Hitza 2016ko aza. 3a, 10:24

Munduan beste asko bezala, aita eta ama ere hil ziren halako batean. Oraindik ezin dut sinistu. Hiltzeko beldurra izango zuten segurutik, baina hiltzeko lotsarik ez: adin pixkat bazuten, lotsarik gabe hiltzeko adina urte bai behintzat. (Haiek hiltzeko beldurra nik neukan galanta. Neure burua galtzekoa edo. Esateak ez nau lotsatzen.) Benetan esanda, beraz, aita-amak hil ziren; baina, olgetan esanda, aita-amak alokairuan bizitzera joan ziren. (Hasi al naiz orain ere, amak esan ohi zidan bezala, gauzak "batekoz beste" esaten? Zertara datoz ahokada hauek? Lasai: gauzak argitzera datoz.) Urtean 6,35 euro kentzen dizkit udalak aita-amen hilerriko egonleku edo hilobitxoagatik. Ez al da hori alokairu bat ordaintzea? Haiek ez dira leku haren jabe. Haiek ez dira beren heriotzaren jabe. (Hildakoek okupa bihurtzen ez dute ikasi oraindik.) 6,35! Zenbaki horiek aurrenekoz ikusi nituenean, negarrak irten zidan. Hori al zen heriotzaren prezioa? Hobeki: hori al zen aita-amak hilda egotearen prezioa? Sardina kiloarena? Baina zer nahi nuen ba? Garesti ordaintzea? Zenbaki haundi bat? Horire eztepa! (Ez al nengoen ba ikasia "diruaren logikari entzungor egiten"?) Eta hau dena ez al da lekualdatze bat?, truke bat?, tratu bat?; zatarkiago esanda: egokitzapen bat?, doikuntza bat?, berregituratze bat? Bai atte, bai ama: ni zuek noizbait erositako etxearen jabe egin eta bertan bizi naiz; ordainetan, nik zuen urteroko alokairua ordaintzen dut: 6,35 euro koxkor. Ez da batere tratu txarra neretzat: galerak behar zuen bere irabazia. (Diruaren hotsa aditzera jarrita esaten dira holakoak: bihotzari entzungor eginda.) "Alokairuan bizitzera" aldatu zaretela esan dut, olgetan. Eta orain benetan: zuek ba al dakizue hilda zaudetela? Nik gero-eta gutxiago dakit. Nik ez dakit hilen herrian zein dagoen ere. Noren alokairua ari naiz ordaintzen? Nik neure heriotzarekin ere zalantza daukat, eta hortik atera kontuak. (Izan ere: zeharo eta osoki ezer izan ez denak nolatan utziko dio izateari zeharo eta osoki?) Munduan beste askok bezala, aita-amen heriotzarik ez dut irentsi oraindik. Urtero 6,35 euroko alokairu negargarri bat ordaintzeak ere ez dit asko laguntzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide