Urriaren 27an egindako udalbatzarrean, alde batetik PSE-EEk eta bestetik EAJk, ETAren behin betiko su etenaren 5. urteurrenaren harira, mozio bana aurkeztu zuten. Guztiz zilegia den hau, ordea, udala osatzen dugun alderdi politiko guztiak bizikidetzako mahaian egiten ari garen ibilbideari harri koskorrak jartzea da.
Agintaldi honen hasieran alderdi guztien babesarekin bizikidetzako mahaia martxan jarri genuen, lehen helburutzat bertan jorratuko genituzkeen gaien plangintza bat adostea zelarik; eta bizikidetza gaietan eman behar diren eztabaidak bertan eman eta adosteko izpirituarekin jaiotako lan eremua izan zelarik.
Behin baino gehiagotan, Zarauzko EH Bilduk salatu izan du mahai honetan landu beharreko gaiak bestelako gune batzuetan aldebakartasunez erabaki izan direla, guztion adostasunak lortzeko osatutako espazioetatik urrun.
Oraingoan ere, urteurren honen aurrean, guztion adostasuna izan behar duen adierazpen instituzional bat landu beharrean nahiago izan dute, “posizionamendu politikoak" lortzearren, adostasunak alde batera utzi eta bakoitzaren irakurketa bultzatzea, ohikoa duten rodillo-a pasatuta euren ikuspegi alderdikoiaren bidez ideia bakar bat (edo bi, bi mozio onartu baitzituzten) plazaratuz, gai honetan, denon arteko adostasuna bilatu beharrean.
EH Bilduren ustez, bizikidetzako batzordearen adostasuneko filosofia alde batera utzi eta bizikidetza gaietan gehien eta gutxien arteko indar korrelazioaz baliatzea akats larria da. Kontuan izan behar dugu, hainbat instituzioetan egiten den moduan, adostasunean oinarritutako akordioak bultzatzen saiatzen direla hain gai sentsiblean. Etsipenez ikusi dugu mozio hauen helburua alderdikerian oinarritua egon dela, bizikidetzan aurrera pausoak eman beharrean baino. Horregatik, EH Bilduko udal taldeak, Irabazi Zarautz taldearekin batera, bi mozio hauen eztabaidan parte ez hartzea erabaki zuten.
Elkarren artean etorkizun hobeago bat eraiki nahi badugu, guztion artean egin beharko dugun lanketa baten bitartez izan beharko du, inklusibitatetik, hau da, inor kanpoan utzi gabe eta gaiak duen garrantzia kontuan izanik, behar den arduraz jokatuz. Hau da herriari guztiok zor dioguna.