Atzo bizitakoak zur eta lur utzi ninduen. Urriko osoko bilkura ari zen egiten Azkoitiko Udalean, azkoitiar denon udalean. Galdera-erreguen txanda iritsi zenean, Azkoitia Lantzenen gure taldeko ordezkaria den Gaizka Larrañagak hartu zuen hitza.
Dokumentu baten ingurukoa zen galdera. Egun batzuk lehenago, kalean jakin genuen Eusko Jaurlaritzatik dokumentu bat iritsi zela, eta horrek ondorio kaltegarriak ekarriko zizkiola gure herriari. Kalte horiek nolakoak diren jakitea zen gure asmoa, herritarrok udaleko gora-beherak jakiteko eskubidea baitugu, edo hala behar luke behintzat!
Kasu honetan, ordea, alkate jaunak erabaki zuen azkoitiarrok ezin dugula, oraingoz behintzat, berririk izan. Hori argi uzteko Larrañagari ohartarazi zion dokumentua publiko eginez gero, kargugabetzea jaso dezakeela ordainetan.
Zer nahi digu ezkutatu herritarroi alkateak? Ez al gara nahikoa heldu gardentasun osoz informazioa jasotzeko eta kudeatzeko? Albiste onak jasotzeko bakarrik?
Gai horrekin, eta orokorrean, politika denekin, Udal Gobernuari hiru eskaera txiki eta handi egin nahi nizkioke: gardentasuna, gardentasuna, eta amaitzeko, gardentasuna.
Iraitz Otaño. Azkoitiko EH Bilduren udal taldeko zinegotzia.