Zezen Beltz asteburuaren inguruko BALORAZIOA: "Asteburu mundiala"

Urola Kostako Hitza 2016ko urr. 20a, 16:57

(Uztarria.eus) Ezin hobeto atera da aurten ere Zezen Beltz VIII. asteburua, guraldia lagun, egundoko parte hartze eta giro ona egon baita: bai ekitaldi eta ikuskizunetan, baita antolaketan ere. Hain zuzen, ekinbideen prestaketan jendeak eman digun laguntza nabarmendu nahi dugu, eskertzekoa delako, adibidez, helduen entzierroan hesiak-eta jartzen emandakoa, jakien dastatzean jasotakoa edota beste ekitaldietakoa. Eskerrik asko! Larunbatean hasi zen VIII. asteburua, sokamutur txikiarekin. Ohi bezala, sokamutil-neskak atera ziren. Zezen txikiak eta poneyak izan genituen ondoren. Arratsaldean, Grand Prix solidarioa zezen plazan, lau talderekin. Bi mila lagun joan ziren zezen jolasak ikustera, eta sarrerekin bildutako diru guztia Aspanogiri bideratu genion, Gipuzkoako haur minbizidunen gurasoen elkarteari: 6.000 euro. Grand Prixeko gastu denak Zezen Beltzen kontura joan ziren. Igandean, berriro sokamutur txikia, zezen txikiak eta poneyak, eta saiheski eta oilasko dastatzea izan genuen plazan. Aurten ere jendeak estimatu du, estimatu duenez, parrilan prestatutako jakia. Jai arratsaldean helduen entzierroa izan zen, lehen aldiz. Sei zezen, Artzubian irten eta ia plazaraino joan, eta buelta egin zuten, bi aldiz. Ikusle asko izan zen, eta jende asko ibili zen ibilbidean, lasterka. Bikaina izan zen, berriro egiteko modukoa. Zezen Beltzen asteburu ederra pasatu genuen, beraz. Mila esker denei! Hurrena, Errebalean Hurrengo hitzordua Errebaleko festetan izango dugu, azaroko bigarren astean, sokamuturra. Emango dugu horren berri lehenago.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide