Azpeitiko EH Bilduk atzoko hauteskundeen emaitzen inguruan egin duen irakurketa

Urola Kostako Hitza 2016ko ira. 26a, 16:16

Eskerrik asko atzo irrifarra ahoan EH Bilduri konfidantza adierazi zenioten guztioi. Esker mila apoderatu gisa egon zineten 70 lagunei. Eskerrik asko pasa den astean Azpeitiko etxe guztietara EH Bilduren bozkak iristeko milaka eskailera igo nahiz jaitsi zenituzten lagun guztiei. Etxe guzti horietara banatu zen aldizkaria egin zenutenoi. Ekitaldira hurbildu zineten 500 lagun ingururi mil esker. Herriko hormak irrifarrez apaindu dituzuenoi ere bai. Bideoak grabatu nahiz editatu dituzuenoi. Bozak sobreetan sartu dituzuenoi. Eta beste hainbat eta hainbat lan egin dituzuenoi. Hori da EH Bildu, elkarlana, auzolana, konpromisoa. Eskerrik asko, finean, EH Bildu osatzen duzuen orori. Atzokoan zerbait garrantzitsua lortu genuen. Bozak eta eserlekuak garrantzitsuak dira, baina irrifarrak elkarbanatzea izan da inportanteena. Ilusioz egin dugu kanpaina eta lanerako ilusio eta indar berberaz jaiki gara gaur goizean ere. Kanpainan erakutsi dugun gisan, iniziatiba politikoa izaten jarraitu dugu. Eskaintzak egiten. Herritarren ongizatea aldarrikatzen eta horretarako urratsak ematen. Emaitzei dagokienez, Azpeitian, beste behin, 3.192 botorekin atzokoan, lehenengo indarra izan gara. Eta hori denon herria egiten jarraitzeko oinarri sendoa da. Egunerokoan gure herriaren eraikuntzan bolondres eta eragile ezberdinetan antolatuta lanean dihardutenekin konpartitu nahi dugu bidea. Herritik abiatuta egiten ari garen lan horretan azpeitiarrek beste behin erakutsi diguten kofiantza eskertzeko modurik egokiena elkarrekin eskutik lan egiten jarraitzea dela argi dugu. Emaitza orokorrak erreparatuz, ezbairik gabe EAJ zoriondu behar dugu. Emaitzek argi adierazten baitute jaso duten babesa. Eta horrek zerbait argi utzi badu, ondorengo hau da. Posible da burujabetzaren aldeko bidea egingo duen gobernua osatzea Gasteizen, murrizketen aurkako politikak egingo dituena, bakegintzan urratsak eman. EAJk erabaki behar du, ordea, ea bide hori egin nahi duen edo ez. Gure eskuak luzatuta daude. Gure konpromisoa irmoa da. Azpeitian ekainaren 12an gauzatutako independentziaren inguruko herri galdeketak erakutsi zigun herritarren artean, alderdi ezberdinetako oinarrien artean, badela bide hori egiteko nahi bat. Eta hori bideragarria litzateke Gasteizen ere. Gaurtik aurrera ere, herri justu eta libre baten alde lan egingo dugu, zuekin eta zuengatik! Irri eginez noski, bozkatu ezin izan dugun gure lehendakarigai Arnaldo Otegik dioen gisan!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide