Hekimen: "Aldaketa esanguratsuak 2016ko diru laguntza deialdietan"

Urola Kostako Hitza 2016ko ira. 20a, 10:55

2016an aldaketa esanguratsuak gertatu dira Euskal Herriko administrazioen diru laguntza deialdietan, euskarazko hedabideei dagokienez. Hasteko, esan behar da deialdi garrantzitsuenak irailean oraindik erabaki gabe daudela, eta atzerapen administratiboek kalte eta buruhauste franko sortzen dizkietela euskarazko hedabideei. Behin baino gehiagotan sektoreak eskatu duen bezala, behar beharrezkoa dugu deialdiak garaiz erabakiko dituen diru laguntza sistema eraginkorra.

Banan-banan aztertuta, azpimarratzekoa da 2010ean ezabatutako inbertsio politika berreskuratu duela Nafarroako Gobernuak 2016an, bi deialdiren bidez: euskara hedabideetan diruz laguntzeko deialdia, eta ikus-entzunezkoaren deialdia. Bien artean, 355.000 € inbertituko ditu Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideetan. Diru kopuru hori ez da iristen eskakizun historikoetara, eta aurreko urteetan Eusko Jaurlaritzak hedabide hauei ematen zien laguntzen azpitik dago. Hekimenen ustez, aurtengo diru laguntza hau ez da nahikoa, eta hurrengo urteei begira, euskara hutsezko hedabideen aldeko apustu sendoagoa eskatzen diogu gobernuari. Nafarroako Gobernuak uda aurretik abiatu zuen Euskararen Plan estrategikoan, hedabideen inguruan mahai bat sortzea proposatu zuten eragileek, finantzazioaz ez ezik, hedabideek behar duten babesaren inguruan hitz egiteko.

Beste aldaketa esanguratsua GFAk egiten duen inbertsioan gertatu da. Aurten 440.000 € gehiago bideratuko dira, hainbat deialditan, euskarazko hedabideetarako. %38ko igoera, denera. 2016an, beraz, inoiz baino diru gehiago bideratuko du administrazioak Gipuzkoako euskara hutsezko komunikabideetara. Igoerak deialdi guztietan gertatuko dira (telebistak, irratiak, paperezko argitalpenak eta IKTak), eta azpimarratzekoa da eskualdeko hedabideen sustapenerako sortutako deialdi berria, 100.000 €koa.

Arabako Foru Aldundiak, era berean, 50.000 €ko diru laguntza berria onartu du. Diru poltsa txikia izanda ere, aurrerapausotzat har daiteke AFAren urratsa.

Ipar Euskal Herriko euskal hedabideentzako laguntzak banatzen dituen Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) aurten Euskal Irratiena ez beste euskarazko hedabideen sailak emendatu ditu %4, 2012ko heinetara itzuliz. Antxeta Irratia, Gure Irratia, Xiberoko Botza eta Irulegiko Irratia biltzen dituen Euskal Irratiak Federazioak, alta, nabarmendu du azken 12 urteotan, EEP sortu zenetik, irratiei eman zaien diru laguntza ez dela emendatu.

BFAko diru laguntza deialdian, ordea, 50.000 €ko jaitsiera egon da. Murriztu egin da, beraz, euskarazko hedabideei laguntzeko diru-poltsa. Lehengo poltsa nahikoa ez bazen ere, Aldundiaren erabaki honek gehiago estutzen ditu Bizkaiko euskarazko toki komunikabideak.

Eusko Jaurlaritzak banatzen ditu diru laguntza garrantzitsuenak sektorearentzat. 2016an, hiru urteko diru laguntza deialdia kaleratu du HPSk, aurreko urteetako kopuru berdinarekin: 4.900.000 €. Berritasuna da Nafarroako hedabideek iaz arte diru sail honetatik jasotzen zuten dirua, orain, EAEko hedabideen artean banatuko dela aurrerantzean, ia erdia Interneteko produktuen artean. Horrek esan nahi du EAEko hedabideentzat %6 diru gehiago egongo dela.

Hiru urterako diru laguntza deialdi honi begira, esan behar da Hekimenek egindako hainbat gomendio ontzat hartu dituela HPSk, besteak beste kontsumitzailea produktua jaso ahal izateko egiteko prest dagoen ahalegina baloratzea (harpidetzak eta abar), eta maiztasuna kontuan hartzea. Hiru urterako diru laguntza deialdiak, baina, ez du proiektu berrietarako tokirik uzten, eta hori sektorearen garapenerako traba izan daiteke. Ez dira kontuan hartu, bestalde, Hekimenek luzatutako beste gomendio batzuk, esaterako HPSk egindako inkestaren datuetan irakurle kopuru totalak hartzea, edo irismena ez ezik beste aldagai batzuk ere hartzea. Lehen ere Hekimenek esan izan duen moduan, datozen hiru urteetan diru-poltsa berdina egotea eta irizpide nagusiak eztabaidatu gabe hiru urteko deialdia egitea ez da sektoreak behar duena, ez delako nahikoa berme berau hauspotzeko eta egonkortzeko.

Hekimenek, ondorioz, nabarmendu nahi du aurten iaz baino diru gehiago inbertituko dituztela administrazioek, oro har, euskarazko hedabideetan. Besteak beste euskal hedabideen sektoreak egindako ahaleginaren ondoriotzat hartzen dugu igoera hau, hainbat administraziorekin elkarlanerako esparruak bilatu eta sektorearen beharrak bisibilizatzeko eta sozializatzeko egindako ahaleginaren ondoriotzat, alegia.

Hekimenek garbi dauka, nolanahi ere, sektorearen egonkortasuna eta garapena helburu, bide berriak jorratu behar direla, eta finantzazioa handitu ez ezik, elkarlana sakondu behar dela administrazio guztiekin. Hekimenek behar horiek identifikatu zituen 2015ean osatu zuen diagnosian, alegia: hainbat urterako diru laguntza deialdiak, sektorearen onarpen zabalarekin eta garatzeko aukerarekin, eta finantzazio igoera nabarmenarekin (2,5 milioi euro gehiago).

Ipar hori galdu gabe, Hekimen prest dago lanean jarraitzeko administrazio ezberdinekin, gaur egungo baldintzak hobetu eta berrikuntzarako eta elkarlanerako ate berriak zabaltzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide