Eneko Etxeberriaren eta Josu Labakaren GUTUNA: "Zure doinua gurea da"

Urola Kostako Hitza 2016ko ira. 8a, 11:25

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak eta Josu Labaka Azpeitiko Kultura Batzordeburuak Xabier Madinaren omenez idatzitako gutuna da ondorengoa.

Xabier Madina 2008ko argazki batean. (Uztarria) Aspalditik bilakatu da musika gure bizitzaren zati garrantzitsua. Abesti asko arte eder zoragarriena dira, askorentzat. Musikaren bitartez beldurrak, pozak eta sentimendu sakonenak adieraz daitezke eta entzute hutsak gure uneko egoera alda dezake. Musikak abeslariak behar ditu; eta, abeslaria handia izan da, joan zaigun, Xabier Madina. Ahots sendo eta hauskorraren jabeak urte luzez konpartitu du bere talentua gurekin. Xabierren ahotsarekin Euskal Herriko eta munduko hainbat txokotan gozatu ahal izan da, aski ezaguna izan zen Akelarre taldearen abeslari izan baitzen. Akelarre izan zen, eta bada, zerbait gure musikan, euskal kulturan eta Euskal Herriaren memorian. Eta, Xabier, hango parte izan zinen. Akelarreren aurpegia eta ahotsa izan zinen garai zailenetako batean, trantsizioan, 1975etik 1982ra bitartean. Euskal Herriko ehundaka plaza bete zituen zure ahotsak. Taula utzita ere, Xabierrek musika ez zuen inoiz utzi. Eta, ezetz esaten ez zekienez, Azpeitiko zein inguruetako ekitaldi askotan eta lagun arteko kantaldietan inoiz ez zen zure ahotsa falta, askok nahi baino gutxiago izan dira, ordea, Xabierren talentuaz gozatzeko aukerak. Besteak beste, Azpeitiko Gure Esku Dagoren abestiko Xabierrek ikutu magikoa denori datorkigu burura. Xabier, gure hamaika sentimendu, bizipen eta emoziori jarri izan diozu doinua eta ahotsa. Ondorioz, zure abestiak gureak ere badira. Horregatik, abestien bidez beti izango zara gurekin; gure bihotzak bete dituzulako. Eskerrik asko, Madina!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide