Urtero, garai hau iristen denean etxeko leihotik begiratu eta udararen amaiera ikusten dut... Badakit oraindik hilabete geratzen zaiola udari, baina nire oporren amaiera eta ikasturte berriaren hasiera ikus dezaket hemendik.
Urtero garai hau iristen denean, beste gauza batzuk ere ikus ditzaket etxeko leihotik; eskola hasi aurreko haurren azken kale jolasak, haizea finago egiten ari denaren sentsazioa jendearen arropetan eta Zestoako festetako prestaketak.
Beti, txikitatik, barrerak jartzen hasten zirenean, tristura berezi bat sentitzen nuen. Orduan, horrek, oporren amaiera zetorrela erakusten zuelako. Gaur egun ere tristura berdina sentitzen dut, baina, oraingoan, barrera horiek zertarako direnaren kontzientziak kolpe batez esnatzen nauelako.
Hemendik aste betera bost zezen ekarriko dituzte herriko plazara. Aurten bost izango dira plazaren "eztakit zenbagarren" urtemuga delako. Bost zezen, beraientzat prestatzen ari diren toki txiki horretan sartuko dituzte zekorketaren egunaren zain.
Gogoratzen dut txikitan izeko batek zezenak nola ekartzen zituzten ikustera eraman gintuenekoa. Orduan ere leku txikia eta iluna iruditu zitzaidan. Orduan ere zezen hark han barruan sentituko zuen beldurraz edo ezjakintasunaz pentsatzera eraman ninduen buruak behin eta berriz.
Animalia horiek hor barruan egongo dira eta ez dute argirik ikusiko hiltzera ateratzen dituzten egunera arte.
Ez nuke zezena izan nahi, horixe da orduan pentsatu nuena. Tristura eman zidan.
Geroago, amaren lehengusuaren etxeko balkoitik ikusten genituen zekorketak. Txikitan. Lagunekin. Goxokiak jaten genituen bitartean.
Gogoan dut ez genuela asko begiratzen. Gure goxokiekin gustura, gure artean jolasean pasatzen genuela arratsaldea.
Gure aurrean gertatzen zenari kasu handirik egin gabe. Gogoan dut egun batean toreroa zezena hil ezinda ibili zen egun hura. Gogoan dut zenbat bider sartu zion ezpata gorputzean animaliari. Gogoan dut odola. Txikia nintzen.
Azken aldiz zezen plazara joan nintzenean 14 urte nituen. Gustura gogoratzen ditut festa horiek, urte horretan eman bainuen nire lehenengo muxua.
Gogoan ditut zezenaren arnasa eta bere marruak. Gogoan dut odola eta ni ongi pasatzen ari nintzela hori gertatzen zen bitartean. Gogoan dut jendea barrezka, ni barrezka. Gogoan dut zezena hil eta gero plazatik ateratzen ari zirenean barreren alde batekin kolpe egin zuela. Gogoan dut bizkarrezurrak atera zuen zarata. Gogoan dut hondarretako odola. Nire lagunak eta ni.
Nire etxeko leihotik atzo barreretan haurrak nola jolasten zuten ikusten egon nintzen. Bat zezena zen eta bestea toreroa eta lehena nola hiltzen zuen ikusi nuen.
Zestoan zezenketak bai edo ez galdetu zenean. Baietzak irten zuen.
Bai.
Bai, nahi dut animalia bat hil arte torturatu.
Torturatu.
Tortura.
Hitz horrek beldurra ematen dit. Ondo ezagutzen dugu hitz hau.
Tortura.
Ez nuke nahi zezena izan. Ez behintzat hor barruan sartuko duten zezena horietako bat.
Ez nuke inoiz norbaitek ni hartu, zulo ilun batean sartu eta ni torturatzerik nahi.
Etxeko leihotik zu nola hiltzen zaituzten ez ikusteko pertsianak botako
ditut eta ez dut beste ezer egingo. Zu animalia bat zarelako..... Itxaron! Eta ni ere bai!
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide