Begira Jabier, sinpleki esango dizugu: gezurretan ari zara. Soilik "batzuen" alkatea dugula eta errespetua "gureentzako" soilik eskatzen dugula sinestarai nahi diezu herritarrei; edo okerrago: 'gu're moduan pentsatzen ez dutenentzat irainak sustatzea leporatu nahi diguzu, zuzenean edo zeharka.
Baina, ez da egia. Hau herri txikia da, eta denok ezagutzen dugu elkar. Eta politikan ere dena ez da zilegi. Zuen eskema klasikoa da, betikoa: hauteskundeen bueltan edozer eta edozer moduan botatzen duzue. Oraindik ere gogoan ditugu "kale borroka" egiten genuela esan zenutenekoa, edo Azpeitia txosna bat bihurtu genuela bota zenutenekoa. Eta orain ere lehengo lepotik burua.
Azpeitiko udal gobernuak ez du inoiz onartu irainik, mehatxurik edo inorenganako mespretxurik. Ezta onartuko ere. Zuk oso ondo dakizu hori eta baita azpeitiarrek ere. Gure asmoak eta jarrerak ez ezik, gure ekintzak dira horren adierazgarri. Adibide ugari jarri genitzake zerrendan, baina ez da beharrezkoa.
EAJk edozein herritarrek baino gertuagotik eta informazio zuzenagoz jarraitzen du udaletik giza eskubide guztien errespetuaren mesedetan egiten ari garen ahalegina. Baina, ikusten dugunez, nahiago duzue errealitatea desitxuratu eta udal gobernua susmopean jarri. Finean, politikan beharko genituzkeen gutxieneko etikoak hankapean pasata errenta politikoa ateratzea du helburu zure idatziak. Baita horrek berak azpeitiarron arteko elkarbizitzari kalte egiten diola jakinda ere.
Beraz, Jabier, errespetua, bai, baina denontzat eta baita kanpainan ere.
Estitxu Elduaien Uranga, Azpeitiko Udal Gobernuaren izenean, Jabier Altunari erantzunez.