Amancay Gaztañaga PUNTUKA: "Esnatu ez den zuhaitzari oda"

Urola Kostako Hitza 2016ko uzt. 14a, 12:10

Etxean terraza bat dut lorez josia eta bertan bi zuhaitz: ikasleek oparitutako limoiondo txiki bat eta pikondo heldu bat. Aurreko urtean hasi zen gaitza. Nire terrazan ez ditut pestizida kimikoak erabiltzen, metodo ekologikoak bakarrik erabiltzen ditut. Bertan bizi diren izakiak, ni eta nire katuak errespetatuko dituzten produktuak. Maitasunez, zaintza osoz, tratatzen ditut landareak. Etxeko beste bat gehiago baitira, edo nik behintzat horrela sentitzen baititut... Baina, hala ere, ezin izan nuen gaitza geratu. Lagunak etortzen zirenean esaten nien pikondoa triste somatzen nuela, ez zela lehengoa. "Triste? Mesedez Amancay" —esaten zidaten— "Nola jakin dezakezu landare bat triste dagoen ala ez?". Nik, ordea, antzematen nion zerbait. Eta aurtengo neguaren ostean nire beldurrak egi bilakatu ziren. Udaberria iristean ez zen hostorik ageri adarretan. Ilun geratu zen bere enborra. Usurbilgo lora denda batetara joan ohi naiz beharrezko dudan dena erostera eta han entzun nuen lehenengo aldiz esnatu hitza. Nire zuhatzari gertatutakoa kontatu eta ea udaberrian esnatu zen galdetu zidatenean. Esnatu al zen... Ezetz esan nion, nire zuhaitza ez zela esnatu, eta bertakoak, aurpegi tristearekin, ezin zela ezer egin esan zidan. Ni nire zuhaitza izango banintz, ez dakit esnatzerik izan nahiko nukeen. Hau da, mundu honetan, momentu honetan esnatzerik izan nahiko nukeen. Behar bada nire zuhaitzak beste momentu batean esnatzea pentsatu du. Behar bada zain egongo da gizakiak garen plaga ezabatu arte, ama lurrak espezie bezala erradikatzen gaituen arte... Agian, orduan esnatzea baloratu du nire zuhaitzak. Egia esan... ez dira garairik onenak zuhaitz izateko, ezta landare izateko, ezta animalia ere... Lurra kutsatuta dago, ura kutsatuta dago, airea kutsa-tuta dago. Beraz, ez naiz nire zuhaitzarekin haserretu lo geratzea erabaki duenean. Kontua da ez naizela oraindik gai izan nire zuhaitza landatuta dagoen lekutik ateratzeko. Hor dago bere bizkarrezurra tente niri begira.... Pena ematen dit ez dudalako iada bere pikurik jango, ez dudalako bere itzalik izango. Ez dudalako leihotik begiratu eta bere energia sentituko. Baina badakit ni naizela nire zuhaitza ez esnatzearen erruduna. Ni espezie bezala, lur hau nirea sentitzeagatik naiz erruduna. "Bai! Ni naiz gizakia! Nirea da lurra, nirea da bertan dagoen guztia, nik nahi dudan bezala erabili dezaket. Ama lurra torturatu dezaket... Hori naiz ni... izakiak torturatzen dituen gizakia. Airea pozoinduko dut, landareak  politagoak izan daitezen eta lore gehiago eman ditzaten. Animaliak erabiliko ditut, nik nahi dudan moduan beraien sentimenduak edo sufrimendua kontuan izan gabe. Zergatik ez! Ni naiz gizakia, eta nik dut pentsatzeko eta arrazoitzeko ahalmena mundu honetan bizi diren beste izaki bizidun guztien gainetik!". Nire zuhaitza esnatu ez zenean, ez esnatzea zeinen erraza den pentsatu nuen... Eta munduko zuhaitz denak lo geratzea erabakiko balute?

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide