J.M. Olaizola 'Txiliku' PUNTUKA: 'Gernua'

Urola Kostako Hitza 2016ko uzt. 7a, 11:21

Gernuari pixa deitu izan diogu Zarautzen, hitz "finekin" hitz egin behar ez zen guztietan, behintzat; kakari kaka deitu diogun bezalatsu, nahiz eta gorotza deitu heziak garela adierazi nahi dugunean, eta obramendu sendagile jaunarekin berorika ari ginenean. Baina gernu edo obramendu deitu, ez dute horregatik kirats hobea gure isurkinek, eta zenbait festa-egun ondoren kale-bazterrek eta txoko ezkutuek gustukoak ez ditugun lurrinak izaten dituzte, udaleko garbitzaileak garbigarri bereziekin garbitzera etorri artean, behintzat. San Ferminak gainean dira eta han ere izango dira kontuak "gernuarekin". Jende asko, festa, zurruta… Badakigu nolakoak garen, gizonezkoak batik bat. Beraz, aurten ere izango dute arazotxo bat Iruñean. Baina agintariek aurrea hartzekotan dira oraingoan. Irakurri berri dut Iruñeako udalekoek prestatu dutela beren kanpaina gogor egiteko bazterrak "erregadiatzen" dabiltzanei. Produktu uxagarri bat erabiliko dute 500 metro koadro horma eta paretatan, pareta horietatik gernua uxatzeko. Orain arte intsektuak uxatzeko gaiak ezagutzen bagenituen, hemendik aurrera izango dugu pixaguraz daudenen isuriak uxatzeko gaia. CK-Splash Back izena omen du, eta ingelesez agertzen duen eran, zaparrada itzuli egiten du. Jo dezagun edari gehiegitxo hartu duen norbait badoala kantoi batera eta aurrean duen etxe-aurreak, kantoiak, paretak edo dena delakoak, itzuli egiten dizkiola pixatiari bere gernuak: oinetakoak blai egin, galtza-barrenak busti eta pixa-kiratsez (barkatu, gernu-usainez) utzi gau guztirako. Aurrez Donostian, Gasteizen. Mirandan, Hernanin eta Santanderren egin omen dituzte aprobak eta emaitzak onak izan omen dira; jendea eskarmentuz eta isuriz beteta itzuli direla kale-ertzetatik, alegia. Ez zait gaizki iruditzen ideia, baina uxagarri berriak egitera gonbidatuko nituzke horretan jardun duten ikerlariak, zakurren kakek eta goizaldeko gonbitoek Splash Back egin dezaten. Bakoitzari berea, hori omen da Jainkoaren legea. Neure berriketan urrutiegi joan aurretik, ordea, kontatzera noa gaiarekin zerikusia duen istoriotxo bat, aspaldi samarrekoa. Gaur egun gazte jende zenbaitek herritik kanpo joan behar izaten du lan bila, baina ez pentsa gaurko gauza bakarrik dela kontu hori. Istorio honetako bi pertsonaiak ere herritik alde egin behar izan zuten, eta urte mordoa egin Zarauztik kanpo. Halako batean itzuli ziren herrira, eta parrandatxo bat egin zuten, itzulera ospatzeko. Ordu txikitan, ari dira biak berriketan, behar baino altuxeago, seguru asko, eta batek besteari: –Hi, akordartzen al haiz mutil koskorretan nola egiten genion pixa Makatzaneko etxeari, eta nola ibiltzen ginen zeinek gorago egin. Besteak baietz gogoratzen zuela, baina gauzak aldatu zirela herrian eta orain han zegoela ohar bat esanez debekatua zegoela pixa egitea, isunpean. Garai haietan espaloia egin gabe egongo zen, eta ez zen gaur bezain nabarmena izango Makatza etxe-atzean pixa egitea, baina egia da debekatua zegoela. Hala ere, bi lagunak pixa egitera, ea zeinek gorago. Horretan, hor non agertzen den gauzaina (izen bat jartzearren Krispin serenoa jarriko diogu). –Zuek ez dakizue hemen debekatua dagoela pixa egitea? Besteak baietz, bazekitela, baina larriak zeudela, eta lehen nola libre zen han egitea, eta beraiek hainbat urtez kanpoan egon ziren… Arrazoiak ez ziren oso sendoak izango ordu haietan eta Krispinek: –Pues a pagar! Hurrengo egunean pixagile batek besteari esan omen zion: –Sekula ez diat isun bat atzokoa bezain gustura ordaindu. Uste diat gaztetu eta dena egin naizela pareta horretan pixa eginda.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide