Eneko Etxeberriaren eta Josu Labakaren gutuna: Hurrengora arte, Pio!

Urola Kostako Hitza 2016ko eka. 23a, 11:25

Falta zaigu. Aldegin diguk, Pio. Gaur, kalean ez habil. Baina ez duk alde egin Azpeititik, ez gure artetik. Gure memorian eta Azpeitiaren eta herriko antzerkigintzaren historian eta istorio askotan gordeko haugu. Maitasunez, irriz.

Ustekabeko poza antzezlanarekin ekin zion Iñaki Bergarak bere antzerkigintza ibilbideari, eta zaila da Iñaki irrifar eta algarik gabe imajinatzea. Lagun arteko broma, algara eta adarjotzea benetan zituen gustuko eta. Baina serio lanean ere ederki zekien Iñakik.

Inoiz ez dizkiogu eskertu behar beste, seguruenik, Iñakik herriko antzerkigintzan sartutako ordu guztiak. Antxieta antzerki taldean, bere sorreratik, taula gaineko zein prestaketa lanetan egindakoak eta Antxieta desegin ostean Lakrikumen egindakoak lan guztiak enpaztu ezinezkoak dira. Baina gure maitasuna eta egindako lanaren errekonozimendua 2011.urtean Antzerki Topaketen baitan Udalak ematen duen Txalo Sariaren bidez egin nahi izan genion. Orduan ere, umil, berak ez zuela merezi horrelakorik esaten zuen.

Beste handi bat joan zaigu, baina antzerkigintzaren hazia ereinda utzi du, eta datozenak ere kristonak izango dira.

Irrifarra indartsua, bizipoza eta parre eragile indartsua faltako zaigu gaurtik aurrera gure artean. Azpeitian argi bat itzali zaigu. Eta triste gaude, baina aldi berean harro: herritar eredugarria izan haugulako. Herri honekin, gure kulturarekin erakutsitako konpromisoa eta lan ixil izugarria utzi duhalako atzean.

Hagoen lekuan hagoela, ziur elkartuko haizela Imanolekin, Kontxurekin, Juanitorekin, Pilarrekin... eta egin topa. Egin barre eta atera buila, gure estilora. Egin topa elkarrekin, egin topa azpeitiarron alde eta Azpeitiko antzerkigintzaren alde! Ondo segi, Kaxkurrio!

Eneko Etxeberria alkatea eta Josu Labaka Kultura zinegotzia. Azpeitia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide