Aitor Bereziartuaren iritzia: Ingurumena herritik

Urola Kostako Hitza 2016ko eka. 16a, 16:18

Orain dela urte dexente, mutil koskorra nintzela, lagun artean Errezildik Azpeitia aldera bizikletaz gentozela, lagun batek zera esan zuen: "Ibaian zati bat urik gabe geratu da, eta amuarrainak eskuz arrantzatu daitezke". Esan eta egin, hor joan ginen denok bizikletak bide ertzean laga eta arrantzara, garai hartan Azpeitiko ibai nagusietan ez baitzen amuarrain gehiegirik.

Handik denbora batera, lehortutako zatiak ibaia izatea utzi ziola ohartu nintzen (ibaiaren bidea aldatu zuten). Aipatu dudan ibai hori Errezil ibaia zen, eta urik gabe geratu zen gunea orain Lapatx zabortegia dagoen lekua da.

Gustura, harrapatutako amuarrainekin baserrira joan nintzen, eta amak zera esan zidan: "Ze ibai zikinetan harrapau dituk arrain horiek? Ziur bizirik zeudela?... Heuk jan beharko dituk ba denak!". Garai hartan, amak ez zuen arrazoi faltarik. Gure baserri azpikaldetik Ibai-eder pasatzen da, eta, garai batean, baserri lurrak zirenetan enpresak zeuden (horra zergatik debekatu ziguten ibaian igeri egitea), eta bazen denbora Landeta aldean ibaiak 'eder' hitzaren zentzua galduta zuela.

Horrelaxe kontuak, afaldu nituen amuarrain guztiak, eta jan-hondarrak zaborrontzira bota ondoren (zabor mota denak ontzi berdinean jasotzen ziren) kale aldera eraman ninduen aitak, autoz. Noski, ilunpearen arriskuarengatik gauez bizikletan ibiltzea ez zenez gurasoen gustukoa, autoz ematen ninduten. Hala ere, gustora bizi nintzen, arrantzak kalterik ez zidan egiten eta Martxieleneko ke eta zarata pixkatengatik ez nintzen ernegatuko.

Laurogeigarren hamarkadetako kontuak dira guztiak, eta, gaur egun, zer pentsatua ematen didate. Azken urteotan, badirudi, gure gizartean, ingurumenaren inguruan konzientzia berezi bat sortu zaigula, ziurrenik herri mailan mundu mailan izan ditugun arazoek eraginda. Ingurugiroa zaintzeko sortutako pentsakeraren eboluzio horrek, pixkanaka-pixkanaka, egoera hobetzeko eta zaintzeko kultura sortu du. Eta, egia esan, hau da bidea. Eta bide hau bultzatu nahi dugu Azpeitiko Udaletik ere.

  • Zaborrak: zabor bilketa sistema berria ezartzean 70%ko gaikako bilketa lortzea, Lapatxen gure etxeetako zaborrak botatzearekin amaitzea, lur zoru kutsatuak egokitzea eta sortzen jarraituko dugun zaborrari posible den irtenbiderik jasangarriena ematea (berrerabilpena, birziklapena...).

  • Klima aldaketa: ibilgailu elektrikoen aldeko apustua egitea, garraio publikoaren erabilera bultzatzea, bidegorri sarea osatzea, eraikinen efizientzi energetikoa hobetzea eta gune berdeak eta biodibertsitatea zaintzea.

  • Energia: argiterian LED sistemarekin eta igerilekuan geotermia sisteman bidez energia aurreztea, beste energia berriztagarri batzuk (biomasa, eguzki panelak... ) ezartzeko aukerak aztertu eta ezartzea...

  • Kontzientziazioa/Sentsibilizazioa: Ingurugiro Museoko eta Agenda 21eko ekintzekin jarraitzea, ikastetxeekin eta Urola Erdiko Mankomunitatearekin elkarlana sendotzea, herritarrekin batera hobekuntzak egiten jarraitzeko.

Beraz, goikoak izango dira hurrengo urteetako gure apustuak. Pertsona denera egiten dela dirudien arren (baita gauza desegokietara ere), kontuan izan behar dugu ingurugiroa ez dela egoera guztietara egokitzen.

Aitor Bereziartua, Azpeitiko Udaleko zinegotzia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide