Alberto Contador Orioko Udalak eskaini dizkion oroigarriekin. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Ondo dakizun bezala Euskal Herriko Itzulia 2016ko apirilaren 7an Oriora iristen zen Lesakatik aterata eta 8an Oriotik abiatu zen Eibarrera.
Etapa guztiak lehiatuak izan dira, Itzulia benetan ikusgarria izan da, eta azken unera arte jokoan izanda irabazlearen postua. Pena eguraldia nahiko kaxkarra izan dugula eta jendea ez dela errepideetara joan zuzenean jarraitzeko.
Orioko gure txokora itzuliz, kezkatuta gaude Udalak informazioa ematen duen moduarekin eta antolatzeko orduan hartzen dituen erabakien prozedurarekin.
Euskal Herriko Itzulia Oriora goian aipatutako egunetan zetorrela ia-ia egunkarietatik jakin zuten Orain taldeko zinegotziok (eta beste zinegotziek berdin). Alkateari etapa antolatzeak zer kostu duen galdetuta, erantzuna beti izan da aurrekontuetan ez dagoela diru-partidarik horretarako eta, beraz, herriari ez zaiola ezer kostatuko (kostatu egiten dena sinestea da).
Aian koordinazio bilera irekiak eta zabalak deitu ziren eta laguntza horrekin antolatu dute, Orion ez. Azken egunetan etapen ibilbideak zaintzeko jendea falta zela entzun zen herrian. Eta gero kalean ez dakit nork eta ez dakit zein taldek antolakuntzari boikota egin diola entzun behar da.
Hartu diren erabakiak alkatetzatik hartu dira. Contador txirrindulariari omenaldia egingo zitzaiola prentsatik enteratu ginen. Non hartu zen erabakia? Udaleko batzorde baten behintzat ez. Zergatik omenaldia Contadorri eta ez, adibidez, Samu Sanchezi? Ordaindu beharreko prezioaren zati bat izan al da?
Autopista azpiko biribilgunean, batez ere bustita dagoenean, oso arriskutsua jartzen dela eta obra txiki bat egitea proposatu zen 2016ko martxoaren 18ko Obra eta Zerbitzu batzorde informatzailean. Talde politiko guztiek adostasuna adierazi zuten. Ez zaigu informatu eta ez dakigu zergatik ez zen eskatutakoa eta baimendutakoa egin.
Apirilaren 6an lasai-lasai zaude telebistatik etapa ikusten eta ETBko kazetaria den Xabier Usabiagak esaten du: “2018ko Itzuliaren amaiera Orion izango da”. Bizkaiko herri txikienean Orioko udaletxeko ordezkari politikoek baino lehenago enteratu ziren.
Ez luzatzearren, bestela…
Orioko Orain herri plataforma