Azpeitiko EH Bilduk bat egin nahi du datorren ostiralerako Elkar-ekin taldeak deitu duen deialdiarekin. Gerratik ihesi doazen errefuxiatuei gure elkartasuna adierazi nahi diegu milaka herritarren oinarrizko eskubideak jokoan dauden une hauetan. Ezin dugu beste aldera begiratu, ezin dugu inor heriotzera kondenatu; laguntzeko aukerak errealak dira. Eta egiten ez badugu, gu ere lokatzezko zelai horietan edo itsasoan itoko gara.
Umeak, gurasoak, aiton-amonak. Edozein izanik beren kolore, hizkuntza nahiz erlijioa, guztiak ere heriotza ziurretik ihesi datoz eta ezinbestean babestu behar ditugu, erakundeetatik eta herritarren ekimenen bidez. Zentzu horretan, bai Europan, bai Euskal Herrian eta bai Azpeitian antolatu diren nahiz antolatuko diren ekimenak gure babesa izango dute.
Eta ordezkatuta gauden erakundeetan ere egin beharreko lana tinko egingo dugu. Europako Parlamentuko gure ordezkariak errefuxiatuen egoera bertatik bertara ezagutzeko aukera izan du, eta parlamentuan bere esku dagoen guztia egiten ari da giza eskubideak babesteko, beste hainbat alderditako diputatuekin batera.
Azpeitiko Udalean ere landu dugu gaia. Azpeitia errefuxiatuen babesgune izan dadila onartu eta errefuxiatuak gure herrian ere ongi-etorriak izango direla publikoki adierazi da.
Indarrak eta ekimenak biderkatzeko ordua da; azken egunotan Mazedoniako mugatik iritsi zaizkigun albiste eta argazkiek argi adierazten dute. Guztiok eduki beharko genuke bizitza duina izateko eskubidea, eta eskubide horren aurrean erosotasuna edo beldurra ez dira nahiko arrazoi bestaldera begiratzeko. Gu ere errefuxiatu izan ginen eta laguntza izan genuen.
Ostiralean Sanjuandegin ikusiko dugu elkar.