Aitor Gorrotxategiren gutuna: 147.000 euro gehiago

Urola Kostako Hitza 2016ko ots. 17a, 11:01

Oso albiste ona dugu hau, zalantzarik gabe. Bakoitzaren etxea uste ez genuen diru-sarrera bat izaten dugunean pozten garen bezalaxe, gaur Udalean pozik egoteko arrazoia dugu. Izan ere, Azpeitiak 147.031 euro gehiago jasoko ditu Foru Aldunditik, Udalen Finatzaziorako Foru Funtsaren 2015eko likidazioa egin ondoren. Gure herriak, guztira, 8.663.080 euro jaso ditu Foru Ogasunaren partida horretatik.
Adierazle ona dugu gaurkoa, esan nahi baitu gure ekonomia jarduera poliki-poliki hobetzen ari dela, eta gaur egunean Gipuzkoako Foru Aldundia gidatzen dutenen kudeaketa ona ere agerian jartzen du. Horiek horrela, neure egiten ditut Jabier Larrañaga foru diputatuak egin dituen adierazpenak, zuhurtziaz jokatu behar dugula esanez, nazioarteko panoraman dagoen aldakortasuna ikusita. Zuhurtzia horrek berak gidatu behar gaitu ezohiko diru-sarrera horri eman diezaiokegun helburua aukeratzerakoan. Iruditzen zait diru horrekin bultza dezakegula hirugarren adineko pertsonentzat pentsatutako parke bat, gimnasia egiteko tresnak izango dituena, eta Soreasu erreferentziazko kulturgune izatearen alde ere egin dezakegula. Bi proposamen horiek, besteak beste, defenditu zituen gure udal taldeak 2016rako aurrekontuak eztabaidatu zirenean, eta orain, espero ez genuen diru-sarrera bat etorri zaigunean, horiek gauzatzea planteatu dezakegu. Aitor Gorrotxategi EAJren udal bozeramailea. Azpeitia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide