Orain herri plataformaren gutuna: "Orioko udal gobernuaren osaketa"

Urola Kostako Hitza 2015ko eka. 23a, 07:30

2015eko ekainaren 13ean aukeratu zen Orioko Udaleko alkate berria, eta prentsan ondorengo adierazpenak argitaratu ziren: «Politika handia ahaztu behar dugu, eta elkarrekin lan egin behar dugu gure bizilagunen alde» izan zen PSEko zinegotzi Ana Priedek esandakoa (El Diario Vasco, 2015-06-14). Beste indar politikoekin elkarlanean aritzeko galderari hau adierazi zion EAJko alkate berriak: «Asmoa elkarrekin lan egitea da, jakitun baikara bakoitzaren hauteskunde programan ez dagoela horrenbeste desberdintasun» (El Diario Vasco,  2015-06-14). Gure harridura esandakoetatik izandakoetarako saltoan dator. Aste honetan udaletxean langileekin lanean genbiltzala, elkarrizketa batean nahigabe arduradun berrien izenak atera ziren; baita PSE-EE oraingoz ez dela gobernuan sartuko eta aurrerago sartzea ez duela baztertzen ere. Harrituta utzi gaitu teknikariek beste alderdiek baino lehen arduradunen izenak ezagutzeak. Hori ez da horrela izaten. Hori berresteko zuzenean alkatearengana joan ginen eta horrela zela esan zigun. Beraz, alkateak konfirmatu digu EAJ zinegotzien artean banatu dituztela ardura guztiak eta Orain eta EH Bildu kanpoan geratu direla aukerarik eman gabe, hitz egiteko aukerarik ere izan gabe. 2011n EAJk udal gobernuan egoteko gonbidapena jaso zuen baina kanpoan geratzea erabaki zuten eta orain ere beraiek erabaki dute EH Bildu eta Orain baztertzea gonbidapenik luzatu gabe. EAJko 1.133 eta PSE-EEko 236 boto ordezkatuak egongo dira udal gobernuan. Bestalde, EH Bilduko 890 boto eta Orainen 433 boto kanpoan. 46 botoko aldea. Orain herri plataformako zinegotzi eta bozeramaile Miriam Uranga

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide