Gutuna, Nika Lertxundi alkateak getariarrei

Getariako Hitza 2015ko api. 2a, 14:54

"Lehenik eta behin, nire harridura adierazi nahiko nuke, PNV-k Bilduren ekitaldiaren inguruan egindako kritiken inguruan. Hauteskundeak oso gertu ditugu, eta agian horrek azal dezake halako salaketak egitea. Gainera, horren berri prentsa bidez izatea ere ez zait egokiena iruditzen, prentsan atera zenean Udalean ez baikenuen horren inguruko inolako sarrerarik edota informazio eskaerarik. Horretaz gain, asko harritu nau baita egoera normal baten aurrean halako zarata atera nahi izateak. Izan ere, martxoaren 10ean EH Bilduko ordezkari batek eskaera bati sarrera eman zion Udalean, martxoaren 13an oholtzaren zati bat, megafonia eta hiru mahai Plaza Berduran erabiltzeko baimena eskatuz. Ohi den moduan, eta horrelako eskaera guztiekin beti egin izan den bezala, alkate bezala eskaera aztertu eta Udal gobernuaren izenean eskaera onartzea erabaki nuen. Izan ere, herriko eragile batek egindako eskaera zen, ekitaldi publiko bat antolatzeko, eta Udalean genituen baliabideak eskatzen ziren bertan. Horrela, ohi bezala, brigadak montatu eta desmontatu zuen oholtza. Normaltasunez hartzeko gaia da hau. Adibide moduan, 2014an gisa horretako 75 eskaera jaso genituen udaletxean. Hau da, udalaren baliabideak (mahaiak, aulkiak, oholtza, megafonia, parrillak…) eta zerbitzuak (garraioa eta brigadaren muntaia-desmuntaia) erabiltzeko eskaerak. Eskaerak egindakoen artean denetarik aurkitzen zen: herritar partikularrak, herriko elkarte eta entitateak (kultur, kirol, hezkuntza zein politikoak), auzotarrak, inguruko Udalak… Eta eskaera guzti-guztiak onartuak izan ziren. Aurten ere, orain arte 12 eskaera jaso ditugu Udalean, eta denak onartuak izan dira. Hori dena ikusirik, ez dakit zergatik eskaera batekin horrelako iskanbila sortu nahi duten PNV-koek. Alkate naizen aldetik, orain arte bezala, borondate onenarekin eta jarrera irekiaz, herrian antolatzen diren ekitaldi desberdinak laguntzen ahaleginduko naiz". Nika Lertxundi, Getariako alkatea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide