Krisi ekonomikoak eragindako notizia txar asko izan ditugu gure herrian azken zazpi urtetan. Eta egoera txar honen ondorio latzak sufritzen ari direnen izen-abizenak jarri beharra dugu. Gure lehentasuna zarete, izan ere, egin dezakegun gutxienekoa da, gure esfortzu gogorrena zuei eskaintzea. Gure kezka handiena zarete.
Ez dakit gauzak aldatzen ote diren, lanpostu duinak datozela ari dira esaten, ni ez naiz ausartzen oraindik ere horrelakorik esatera. Nahiago nuke horrela izango balitz. Aldaketa eta hobekuntza derrigorrezkoa dugu, oraindik ere %14,40ko langabezi tasa dugu herrian. Baina, esperantzari lotutako datuak badira. Eta horretan, batzuen ausardia goraipatzea nahiko nuke; herri hau, ausartek atera dute betidanik aurrera eta orain, poztekoa da benetan Azkue zenaren langileen ekimena. Ezagutzen dugu beraien sufrimendua, lana eta konstantzia. Dena galduta zegoenean ere aurrera jarraitzeko erabakia hartu dute.
Gure herriarentzat albiste ezinhobea da. Hau, ordea, ez da zerutik erori. Ez. Honen atzean langile (letra larriz) batzuen hilabeteetako lan andana eta isila dago, eta izen-abizenak dituzte: segi horrela eta gogor aurrera. Horregatik, Azpeitiko Udalak zorionak emateaz gain, elkarrekin lanean izango garela adierazi nahi dizuegu.
Beste erakunde eta eragileen artean udalari eman zaizkio eskerrak, baino kasu honetan udalak eman nahi ditu eskerrik beroenak; zuei, langileei, eskerrak. Eskerrik asko eguneroko lan isilagatik eta jarraitu dezagula batera bide honetatik.
IÑAKI PORTILLA Azpeitiko Udaleko Industria, Merkataritza eta Turismo zinegotzia