IRITZIA, Bostekoa. Estitxu Elduaien
Hasi dugu 2015a: erre ditugu iazko belar txarrak, eta piztu ditugu datorrenerako desio kandelak. Izen eta abizenez ere bataiatu dute jada urte berria: Argiaren Urtea izendatu du Unescok, eta egurrezko ardiaren edo ahuntzarena izango dela esan du txinatarren horoskopoak. Baina horretaz guztiaz haratago, zerbait izango bada urte hau, hauteskundeen urtea izango da. Hegoaldean bai behintzat, udal eta foru hauteskundeak ez ezik, Espainiako Gorteetarakoak ere izango baititugu.
Soziologoek diote herritarrak aspertuta eta nazkatuta daudela politikarien hitzez, promesa hutsalez, eta gezurrez. Ez naiz harritzen. Garai batean neuk ere di-da jiratzen nituen egunkarietako orriak edo aldatzen nituen irrati eta telebista kateak kanpainako ekitaldiren bat sumatuz gero. Baina, halako batean, norbaitek beste bazterretik begiratzeko gomendioa eman zidan. Harrezkero, askoz interesgarriagoak egiten zaizkit kanpainak, eta hautes urte, gari urte esaten diot neure buruari, disfrutatzeko aukera ere ematen didatelako. Azaleko disfruteak dira, onartzen dut, baina azalekotik ere bizi behar du pertsonak eta zekaleetan ere azalak ei ditu propietate onenak.
Politikarien komunikazio moduek ematen dizkidate niri gari onenak. Ba al dakizue zuzeneko komunikazioan hitzek %7ko garrantzia soilik dutela? Edo, bestela esanda, esaten dugunak %7an soilik eragiten duela entzulearengan? Alegia, gorpuzkera, ahotsa, mugitzeko modua, janzkera edo begirada direla bene-benetan entzulearengan eragiten dutenak, %93an.
Ikerketek hala erakusten dute. Horren adibide, 1960an, AEBetan, Nixon eta Kennedy presidentegaien artean izandako debatea. Nixon ospitaletik atera berritan joan zen eztabaidara: kolore zurixka zuen eta ez makillatzea erabaki zuen; nekatu itxura zuen, egonezin puntu bat ere bai, eta hainbat segundotan izerdia ere sumatu zitekeen bere aurpegian. Hori gutxi balitz bezala, bere traje grisa platoaren atzealdearekin nahasten zen. Kennedy, berriz, beltzaranduta joan zen, erlaxatu itxura emateko hankak apur bat gurutzatu izan zituen, eta bere itxura hobetzen zuen traje beltz bat zuen jantzita. Debatea telebistaz eta irratiz eman zuten, eta telebistaz ikusi zutenek Kennedy jo zuten irabazletzat; eztabaida irratiz jarraitu zutenentzat, berriz, Nixon izan zen garaile.
Adituek oinarrizko honako gomendioak ematen dituzte zuzeneko komunikaziorako:
- Begirada kontrolatu. Publiko guztiari begiratu, zuzen eta begietara, begirada galdurik gabe.
- Janzkera ondo aukeratu: non eta norekin hitz egin behar denaren arabera jantzi, beti ere arropa erosoarekin.
- Leku egokia aukeratu, hizketarako eta komunikaziorako trabarik gabekoa. Atrilak, mahaiak eta bestelakoak kendu eta ahal bada altuera ezberdinak ere bai, gertutik eta berdinetik berdinera hitz egiteko.
- Arnasa eta ahotsa kontrolatu. Komunikazioaren arrakastaren %38 ahotsaren gain dago. Monotonia zaindu, eta ahoskera eta tinbrea zaindu.
- Gehiegizko imintzioak saihestu. Eskuekin irudikatzea garrantzitsua da, baina gehiegi mugitzeak kaos sentsazioa eman dezake.
- Modu naturalean mugitu, baina gehiegikeriarik gabe.
- Ez irakurri. Jakin ondo zer esan behar duzun, eta azaldu, esplikatu.
- Norbere emozioak ezagutu eta kontrolatu: espresio negatiboak ekidin eta positiboak erabili.
- Eta … irribarre egin.
Hor daude gakoak. Politikaren eta politikarien gari mamiek berez emango dizkigu lanak, kezkak, eta zer pentsatuak, baina gozatu dezagun azalaz ere. Aurre kanpainaren aurre kanpaina jada puri-purian dagoen honetan, entzun hitzez esaten ez digutena. Izan dadila 2015a gari urte, bere azal eta guzti.
Portzierto: Je suis basque.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide