Gutuna: "Ez ote zaigu Alde Zaharra atzerritarren bizitoki bihurtzen ari?"

Urola Kostako Hitza 2014ko mai. 22a, 11:16

Gutuna. Eneko Ibarguren eta Imanol Agirre, Elkar-ekin taldearen izenean (Azpeitia) Alde Zaharreko hainbat merkatarik bota duten galderatik abiatu eta honako gogoetatxoa herriratzea beharrezkoa ikusi dugu Elkar-Ekin taldetik. Merkatari hauen aurkako inolako jarrera edo iritzirik erakutsi gabe, antzeko aipamenek sor ditzaketen arriskuen inguruan gure kezka agertu nahi dugu, jakitun baikara galdera horrek hainbat herritarren iritzia ordezkatzen duela. Luze jo lezake gai honen inguruko azterketa sakon bat egiteak, baina modu laburrean bada ere honako ideiak mahai gainean jartzea egokia ikusi dugu oraingoan: - Zabaldu den oharrean egiten den "Atzerritar” hitzaren erabilera erabat desegokia dela uste dugu, honi kutsu negatiboa ematen zaiola ulertzen dugulako. - Alde Zaharreko merkataritza txikiak dituen arazoen eta Alde Zaharrean jatorri ezberdineko herritar asko bizitzearen artean egiten den lotura oso arriskutsua iruditzen zaigu, kutsu xenofoboa izaterainokoa gure iritzi apalean. - Krisi garaietan, Europako hainbat herrialdetan ikusten ari garen bezala, jarrera xenofoboak indar handiz zabaltzeko arriskuak sortzen dira. Horregatik, gai delikatu honen gaineko aipamenak argumentuekin eta modu arrazionalean egin behar direla uste dugu. Zurrumurruak eta oinarririk gabeko aipamen hutsalak haizea bezala zabaltzen direlako eta kalte handiak eragiten dituztelako. - Bizi dugun egoera ekonomikoaren ardurak, eta hemendik eratortzen diren egoera zailak (merkatari txikiena kasu) gutxi batzuen neurrira antolaturiko sistema ekonomikoan aurkitzen direla uste dugu. Eta antzeko mezuek herritarrak herritarren aurka jartzeko arriskua ekar dezaketenaren beldur gara, etorkinen irudia desitxuratzen lagundu dezaketelako, egoera hauen benetako ardurak non dauden ahaztuz. - Munduan ematen diren migrazioen arrazoi nagusietako bat hainbat herrialdek bizi duten pobreziaren eta miseriaren testuinguruan ulertzen dugu. Zentzu honetan, hemengo enpresari nahiz erakunde hainbaten nazioarterako politikek herrialde txiroetan duten eraginaren inguruan gogoeta egiteko gonbidapena zabaltzen dugu, baita gure kontsumo ohituren azterketatxo bat egitekoa ere. - Azpeitian bertan, kanpora lan bila doazen gazteen kasuak gora doazela ikusten ari gara. Familia, lagunak eta herria atzean utzi eta beste herrialdeetan hartzen dute bizileku, lana aurkitzen saiatuz eta bizitza berrantolatuz. Horixe da beste batzuk gure herrian egiten ari direna. Ez gehiago, eta ez gutxiago. Onena opa diegu hemendik kanpora lan bila doazenei. Eta zentzu berean, onena opa diegu kanpotik hona lan bila datozenei ere. Baina batez, munduko herritar guztiei opa dieguna zera da, norbere herrian duintasunez bizitzeko aukera izan dezala, bertatik alde egitera beharturik sentitu ez dadin. - Badira hilabete batzuk gure herrian jatorri aniztasunaren eta elkarbizitzaren inguruko ekimenak martxan jarri genituela. Gai honen inguruan herriko hainbat sektorek egiten duten lan itzelaren lekuko izan gara denbora honetan. Eta guk antolatu ditugun hitzaldi, mahai-inguru eta antzekoek ere oso erantzun zabala izan dutela ikusi dugu. Gai hau modu positiboan lantzeko gogoa somatu dute sektore eta herritar askoren artean, eta bide horretan sakontzea da gure helburua aurrerantzean ere. - Egoera zailak bizi ditu Azpeitiak, eta elkarlanaren bidetik soilik aurrera egingo dugula sinistuak gaude Elkar-ekin taldean. Elkarlan horretan denok izango gara beharrezkoak: Herriko taldeak, sektore ekonomiko ezberdinak, erakundeak, merkatariak, emakumeak, gazteak, jubilatuak, eta nola ez, jatorri ezberdina duten azpeitiarrak. Elkar-ekin

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide