Eneko Etxeberria. Azpeitiko alkatea. 2014/05/13
Orain hiru urte azpeitiarren kudeaketa publikorako aukeratuak izan ginen, eta besteak beste, dugun demokrazia eredua hobetzeko mandatua ere jaso genuela uste dut.
Zinez pentsatzen dut ordezkaritik (erabakigunea aukeratuaren esku uzten du herritarrak) mandatari (herritarrak erabakigunea du, eta aukeratuak agindutakoa betetzea) izatera pasatzeko tresnak eskuragarri ditugula. Aukeratutako ordezkariok aukeratutakoak izateagatik ez dugu beti arrazoia. Kudeaketa publikoan hartu daitezkeen erabaki askoren inguruan herritarrek duten iritzia jasotzeko bideak existitzen dira, eta horrek erabakigunea birkokatu egiten du.
Dugun marko juridikoak (ez nahastu demokraziarekin) erabaki gaitasun benetan eskasa aitortzen die herritarrei. Lau urtean behin hauteskundeetan botoa emateak ez du esan nahi kalitatezko demokrazia dugunik. Eta demokrazian sakontzeko bide ugari daude.
Jasotako botoak ez dira nahi duguna egiteko; demokrazian sakontzeko agindua ere jaso dugu, eta gure betebeharra da. Eta, herri galdeketa horretarako oso tresna baliagarria eta garrantzitsua dela uste dut. Horregatik onartu genuen parte-hartzeko ordenantza Azpeitiko Udalean eta horregatik erabaki dugu orain herri galdeketa martxan jartzea.
Azpeitiko plaza nagusiak eraberritzea behar du. Eta jakina da urteotan iritzi oso ezberdinak garatu dituztela herritarrek horren inguruan. Eztabaida autoen erabileraren ingurukoa izan da gehienbat, baina ezinezkoa izan da adostasunera iristea. Hori horrela izanda, erabakia hartzeko bi aukera ditugu: batetik, udaleko ordezkariok erabakia hartzea, gehiengoa baliatuta; edo, bestetik, erabakia herritarren esku uztea.
Aho batez erabaki dugu udalean azpeitiarren garaia dela. Herriko plaza herritar guztiona da, denon topalekua, eta herri osoaren sinboloa. Eta 16 urtetik gorako azpeitiar guztiok erabakiko dugu nolakoa izango den, zuzenean eta tartekorik gabe. Prozesu zuzena eta gardena izango dela, hala bermatuko du udalak, eta herritarrek bozketaren emaitza onartu eta gure egingo dugu.
Azpeitian, lehenengo esperientzia izango da. Ikastea bera helburu bat da, eta ziur guztiok ikasi egingo dugula. Beti dago lehen aldi bat, eta ziur etorkizu- nean dena hobeto egingo dugula. Ziurra baita etorkizunean galdeketa gehiago etorriko direla… Inoiz ez da berandu erabakiak hartzen ikasteko.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide