Iñaki Olabezela. Zarautz.
HITZAko irakurleoi, agur:
Bai, badakit gutuna aurrekoan bezala hasi dudala. Harira. Duela aste batzuk Vista Alegre auzo elkarteko kideekin bilera izan nuen. Irainen bat, burla eta mehatxuak jasan nituen. Bakarrik joan ez banintz...
Bilera hartan ni kaleratzearen «arrazoiak» zituen orri bat irakurri zidaten. Batzuetan hanka sartu dudala? Egia da. Orain, nire ordutegia negoziatu genuenean eguerdian bi ordu eta erdiko atsedenaldia izango nuela adostu genuen. Hurrengo egunean, jendaurrean ageri zen afixak taberna 15:00etatik 17:00etara itxita egongo zela zioen. Ez zuten tratua errespetatu. Horrela zortzi bat hilabetez egon nintzen.
Egon baita ere, pintxoak (musutruk ematen genituen) egiten nituenean ere ordubete-ordu eta erdi lehenago hasten nintzela lanean, merendolaren bat zegoenean lehenago azaltzen nintzen antolatzaileek hala eskatuta, eta abar.
Honek guztiak ez al ditu hankasartzeak orekatzen? Gauza da, orri horretan, profesional bati dagozkion betebeharrak eskatzen zitzaizkidala.
Eta nik ez nuen kontraturik. Hori banekien, bai; baina ni lanean hastean, taberna nire bazkideak eta nik kudeatuko genuela esan zidaten. Ez nire gainetik batzorde bat izango nuenik, are gutxiago bezeroren bat. Ah! Hori bai, komeni zitzaienerako profesionala ez, kolega bat nahi izaten zuten barran: orduz kanpo, taberna itxita, bertan geratzeko (trago asko etxearen kontura); bazkari-afarietan beherapentxoak egiteko... Zer gertatu zen? Eskerrak emateko moduko gauzak derrigorrezkoak bihurtu zirela.
Gero, bileraren harira, salaketa mehatxuak etorri ziren. Batetik, adingabeei edari alkoholdunak emateagatik. Auzoko jaietan 16 urte inguruko bertako gazteei txupito pare atera nizkien (ez nuen inor edatera behartu). Metro eta laurogei inguruko mutil koxkor hauetariko batek ere ez zuen eztulik egin. Ikusi nahi nituzke, zuzentasunaren super heroi hauek herriko edozein tabernariri halako mehatxua egiten bere umeei alkohola saltzeagatik.
Bestetik, batzordekide bati jazarpen telefonikoa. Akusazioa mahai gainean jarri duen pertsonak eta biok ederki dakigu ez dela horrela. Argudioak ditut, soberan. Gustura idatziko nituzke, baina tira... Dena den, jokabide barkaezina. Uztan, atsua, uztan...
Okerrena, batzordeko beste kide guztiek akusazio hau izenpetzea da. En fin. Gogoratzen ditudanekin ari naiz, gutxi gorabehera, eskatu arren, txostena (bideorria) nire eskuetan edukitzea ukatu didatelako. Lehenengo udaletxera bidali behar omen zuten, udalak sina zezan...
Aaaai ama. Gauzak horrela. Eta zuk, irakurle, zer egingo zenuke?
Beste bat arte.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide