Gutuna: "Ez al zaie axola Olatzi eta Orkatzi gerta dakiekena?"

Urola Kostako Hitza 2014ko api. 4a, 12:16

Xabier Arrizabalaga (Orkatz Elkarteko lehendakaria) Epaiketak amaitu eta sententziaren zain aurkitzen dira Olatz Izagirre herritarra eta Orkatz azpeitiko Kultur Elkartea. Lan politiko hutsa egiteagatik, Olatz berriro ere espetxeratzeko arriskuan aurkitzen da eta Orkatz berriz, 'Herriko tabernen' auzia dela eta ixteko arriskuan. Epaiketa politikoei aurre egiteko asmoz sortu genuen Azpeitiko Libre dinamika eta ikasturte honetan zehar ekimen ugari egin ditugu; Libre eguna azaroan, pilota jaialdi jendetsua otsailean, kontzertuak, zozketak... Ehunka herritarren babesa eta sektore oso desberdinetako herritarren elkartasuna pilatu dugu, bidegabekeria honi aurre egin nahian. Azkeneko honetan, Herritarrek Olatz eta Orkatzi erakutsitako babes hori alderdi politiko eta instituzioetan isladatua izateko asmoz, mozio bat aurkeztu genuen. Apirilaren 1eko udalbatzan landu eta onartua izan zen. Libretik oso positiboki baloratu dugu azpeitiko herritarren ordezkarien gehiengoak inoiz epaituak izan behar ez luketen pertsona eta elkarteen askatasuna eta prozedura judiziala ixteko eskaria egin izana. Hala ere, EAJ/PNV eta Hamaikabat alderdietako ordezkariak ez zuten parte hartu mozioaren lanketan. Guretzat ulertezina da, Olatz bidegabeki espetxeratua izateko eta Orkatz Kultur Elkartea ixteko arriskua egonik, ordezkari politiko horiek gaia tratatzeari uko egin izana. Herriko pertsona eta elkarte baten eskubideak larriki urratuak izaten ari diren bitartean, gaia ez tratatzeko erabakiak, azalpen bat behar duela iruditzen zaigu. Edo ez zaizue axola Olatz espetxeratzea eta Orkatz ixtea? Mozioa aurkeztu genuenean, udaleko alderdi guztiei adostasunera iristeko gure borondatea agertu genien, elkarlanera gonbidatuz. Bakoitzaren ideologiak alde batera utzi eta gutxieneko adostasun batzuk lortzea izan da gure helburua: Olatz azpeitian libre izatea eta Orkatzek bere jarduera kulturala aurrera eramateko askatasuna edukitzea. Bide horretan, garrantzi berezia ematen diogu herritar edo norbanakoen elkartasun eta konpromisoari, baina, ezin dugu ahaztu eragile ezberdinek eta alderdi politikoek jokatzen duten papera. Sententzia irteteko gutxi falta den honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa iruditzen zaigu guztion konpromisoa, beraz, orain arte bezala, aurrerantzean ere gutxieneko adostasun horren baitan lanean jarraituko dugu herritarrekin, eragileekin eta alderdi politikoekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide