Gutuna: Arkupe elkarteak oriotarrei

Urola Kostako Hitza 2014ko mar. 18a, 07:24

Iritzia. Arkupe Elkartea (Orio): Hauteskunde kanpainan Bilduk Orioko komertzio txikiak defendatuko zituela esan bazuen ere, esandakoa ez zuen bete. Aurreko legealdietan egin diren legez kanpokoak onartu ditu, eta Eroskiri lizentzia eman dio merkataritza establezimendu handi bat egiteko. Udalak, hitzartu bezala, antolakuntzan esku hartu zezakeen herriko komertzio txikia defendatuz. Horretarako ez zuen zama lanetarako arautegia ezarri besterik. Ez zuen hori egin, eta legez kanpo eman zuen lizentzia. Zergatik? Arkupetik Plan Orokorra, Zatikako Plana eta Eroskiren lizentzia legez kanpokoak direla uste dugu. Gainera, Orioko merkatarien interesen aurka doa. Orioko Udala oriotarren dirua xahutzen ari da 2012an onartua izan zen plan orokorra berregin baitu. Hori egin du, Plan Orokorra, Zatikako Plana eta lizentzia legez kanpo utzi ditzakeen sententzia saihesteko. Hala ere, gaizki atera dakioke oraingoan, bistakoa baita partikularren onurarako egindako proiektua dela. Obrak aurrera doaz, epaitegiak ez baitu aurreikusi hauen etenaldia. Horrek ez du esan nahi lizentzia legezkoa denik. Ikusi egin beharko da epaitegiko behin betiko sententziak zer dioen. Lizentzia legez kanpokoa izango balitz, udala izango da horren arduraduna etakalte ordain bat ordaintzera derrigortua izan daiteke; beti bezala, oriotarren kontura.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide