HITZAren irakurleoi, agur.
Gutun honen bidez, ni Vista Alegreko tabernatik egoztearekiko desadostasuna adierazi nahi nuke. Soilik, pertsona baten edo batzuen kontua izan zelako.
Lehenik esan, kaleratu baino bi hilabete lehenagotik mobbing antzeko bat egiten jardun zitzaizkidala: batzordeak tabernarekiko hartzen zituen erabakiak jakinarazi ez (are gutxiago bileretan egoteko aukera eman, gaia ni neu izan arren), langileok bezeroekin izandako arazo edo tirabiren aurrean guztiz kontrako jarrerak izan (bati babesa eman, besteari "egurra"), hitza erretiratu, oinarririk gabeko salaketak (faltsuak, noski) egin... Hau guztia, ni deseroso eta gutxietsia senti nedin. Kaleratzean ere, ez didate batere argibiderik eman, nahiz eta nik behin baino gehiagotan eskatu. Pentsa, kaleratuta nengoela ere ez zidaten jakinarazi; neuk hots egin behar izan nion nire lankideari galdezka.
Badirudi, jakin ahal izan dudanez, ni bidaltzeko argudio nagusia, bezero bat, Faraona deituko diogu adibidez, kexu zela ordutegia betetzen ez omen nuelako. Tabernak 23:00ak arte irekita egon behar ei zuen.
1. Niri batzordearen bilera batean honela esan zidaten: "Hik, jenderik ez badago, jaso eta ospa"
2. Aipatu dudan Faraona, gainera, lehena izaten zen 22:00ak aldera taberna ixteko proposatzen; barruan erre ahal izateko.
Nola eduki dezake bezero soil batek halako tamainako boterea? Oso erraza: bere senarra batzordeko kidea da, baita bere lagun diren bi serorak ere. Bost batzordekideetatik hiru. Gehiengoa, beraz. Hori, bere ezkutari leialaren laguntza ahaztu gabe (beste faraona bat). Horrela lortzen du berari otutzen zaizkion lege edo arauak indarrean jartzea.
Arlo pertsonalean esan, honela kalera bidali ondoren (bidegabeki eta batere argibiderik eman gabe), "hemen beti ongi etorria izango haiz", "pila bat maite haugu"... eta horrelakoak entzun behar izan nituela. Adar jotze krudel samarra. Iseka.
Hau, duela bost bat hilabete gertatu zen, baina ez dute orain arte egia jakiterik izan. Horregatik idazten dut orain.
Besterik gabe, estimatu nauten bezero-lagunei...Besarkada bat.
Iñaki Olabezela Iturriaga.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide