Gutuna: Balentziaga kaleko lanen azalpena

Getariako Hitza 2013ko urr. 11a, 04:00

Azken egunotan, oposizioa osatzen duten Getariako Independenteak taldeak zein EAJ-PNV-k Balentziaga kaleko eraikinaren inguruan egindako hainbat adierazpenen harira, ondokoa azaldu nahi die Udal Gobernuak herritarrei: "Independeteen oharrari dagokionean: 1- Apirilaren 30ean egindako Osoko Bilkuran Amenabar enpresari lanak egiten hasteko baimena eman zitzaion, beharrezko dokumentazioa aurkezteko baldintzarekin. Dokumentazio horien artean zeuden Segurtasun Plana, Segurtasunerako koordinatzailea izendatzea eta lan zentroaren irekiera inskribatzea. Dokumentazio hori guztia zein proiektu bisatua jada udalean entregatuta daude. Udalak Amenabarrek dokumentazio guztia aurkeztu dezan dihardu etengabe, beste edozein obratan beste edozein eraikitzailerekin egingo lukeen bezala. Nahiz eta aurkeztu beharreko dokumentu ugarietatik batean atzerapena bat izan, hori ez da inolaz ere lanen gelditzea eskatzeko moduko arrazoia, ez teknikoki ezta legalki ere. Eta ezin da ahaztu obra gelditzeak ekarriko lukeen atzerapena bereziki herritarren kalterako izango litzatekeela. 2- Hainbat elementutan aldaketak nahikoa arrazoitu gabe egin direla ere aipatzen zuten oharrean. Garajeen gainean doan ekipamenduetarako eraikina egiten hasi zirenetik, ordea,  bertan joango denaren konkrezioak egin ditu Udalak, beti ere oposizioko alderdiei berri eta asmo horien berri emanaz une oro. Hala, azken hilabeteotan, egindako lanari esker, anbulatorio berria, haurreskola berria eta eguneko zentro berriaren aukerak pixkanaka forma hartzen joan dira. Jakin badakite alderdi guztiek ekipamendu horietarako irisgarritasuna bermatzera derrigortuta dagoela Udala, eta hain justu horregatik egin dela bigarren solairurako zubia eta bidea. Guztia ekonomikoki zorrotz baloratuta, noski. Independenteak taldeko kideei azalpen hauek guztiak eman zitzaizkien aurrez aurre. EAJ-PNVren oharrari dagokionean: "EAJ-PNVk ezin izan zuen aurreko legealdian aparkalekuen egitasmoa martxan jarri. Bien bitartean, egungo Udal Gobernua aparkalekuen egitasmoa berrosatu eta aurrera ateratzeko gai izan da, krisiak gogorren jotzen duen testuinguruan gainera. Eta jeltzaleek eraman ezin dutena hain juxtu hori dela dirudi. Gainera, aparkalekua bideragarri egitea ez ezik, ekipamendua berrientzako eraikina (anbulategia, haurreskola eta eguneko zentroa) eta Erruera kalearekin lotura izango duen guztiontzat igogailua lotzeko gai izan gara. Dena proiektu bakarrean jasota, eta garajeak aurreko legealdian PNVk planteatzen zituen prezioen azpitik (gogoratu 24.000 euro gehi BEZ proposatzen zutela kontsezioan). Obrak eta proiektuak oso ondo doaz, eta ohar hauen harira, nahaspila politikoen gainetik Udaletik lasaitasun mezua igorri eta jakinarazi nahi dugu orain arte bezala oposizioko taldeak informatzen eta beraiekin akordiotara iristen jarraituko dugula. Argi dago esku artean ditugun egitasmo hauek Getaria eta getariarrontzat oso garrantzitsuak direla, herrian dauden behar sozialei era hobeago batean erantzungo baitiete. Guretzat, hori eta herriarekin hartuta dugun erantzunkizuna, gainontzeko tirabiren gainetik daude". Aitor Irigoien, Getariako Udal Gobernuaren izenean. Getaria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide