Abuztuaren 1a. Egun handia Azpeitian, Loiolara ibilaldi zibiko-erlijiosoarekin. Ekitaldiaren hasieran, hainbat gazte euskaldun guztion lehendakariari irainka hasi zen, komunikabideetan irakurri ahal izan ditugun hitzak jaurtiz. Gipuzkoako ahaldun nagusia, Martin Garitano, gazteak justifikatzera atera da esanaz «protesta jarrerak» direla, «normaltasun egoera batera ez garelako oraindik iritsi». Azpeitiko alkateak ez du defendatu berak ofizialki gure herri jaietara gonbidatu duen pertsona, ez du defendatu Iñigo Urkullu, gu guztion lehendakaria, gustatu ala ez, botoek ematen duten indar demokratikoaren ondorioz.
Ez, Garitano jauna. Irainka aritzea ez da protesta jarrera bat, ezta lehendakariak —zure eta haien lehendakari ere badenak— islatzen dituen jarrerekin ados ez daudenen adierazpide demokratikoa. Irainak jarrera antidemokratikoak, faxistak eta zurrunak baino ez dira, indarkeria erabili dutenen laguntza atzetik izatearen ondorioz hamarkadetan eta hamarkadetan sumatu izan duten zigorgabetasunaren eraginez gure gizartearen zati batean errotu diren jarreren isla baizik ez, zigorgabetasun horren eraginez irainka aritu, gizartearen harmonia eta festetako giroa hautsi, «guk dugu egia abtsolutua» eta gainerako guztiak ez dira demokratak, ez dira ari herriaren alde, ez dute proiektu demokratiko eta askatasunezkoa gure herriarentzat eta ez bakarrik herriaren zati batentzat, beren ideiekin bat datorren zatiarentzat, pentsatzen dutenena. Eta normaltasunaren bidetik abiatu behar denez, pertsona horiek has zitezkeen bide hori egiten, irainka aritu beharrean.
Eta ez, Azpeitiko alkate jauna. Norberak, edo zuk ordezkatzen duzunaren moduko erakunde batek, pertsona bat —eta zer esanik ez, lehendakaria— gonbidatzen badu herri jaietara, eskatu behar zaion gutxienekoa da irainka ari zaizkionetatik defenda dezala, eta ez geratu atzean, gaiak garrantzirik izango ez balu bezala. Irainka aritzea ere indarkeria baita, onartzen ez dutela esaten duten indarkeria hori, atzean utzi dela esaten duten indarkeria horren azalpen.
Izan ere, protestatzen hasiko bagina, guk ere erabil genitzake esanahi handiagoko edo txikiagoko hitzak erakundeetan egonik, gure oinarri ideologikoetatik urruti dauden pertsonen aurka. Baina ez dugu horrela jokatzen. Horren erakusgarri da Loiolara zihoan pertsona taldea pasatu zenean inork ez zuela ezer esan ez alkatearen aurka, ez Gipuzkoako ahaldun nagusiaren aurka. Egin genuen gauza bakarra izan zen harrotasunez aitortzen dugun Iñigo Urkullu lehendakaria pasatu zenean txaloak jotzea. Izan ere, Euskadi aurrera ateratzeko buru-belarri ari da lanean, Corrugados Gallardoko langileek edota Etxerat elkarteko kideek inplizituki edo esplizituki onartu zuten bezala, haien eskarien aldeko gutunak entregatzera hurbildu baitzitzaizkion (eta, hara harrigarria, ez zioten gauza bera egin ahaldun nagusiari).
Irainen eta deskalifikazioen bidetik jotzeak —kasualitatez beti era bateko ideario politikoetara bideratuak daudenak, gainera—, argi eta garbi erakusten du aukera horretaz baliatzen den jendeak ez duela eman azken aldi honetan behin eta berriro sinetsarazi nahi diguten eszenategi berriaren, aro berriaren, ikuspegi politiko berriaren aldeko ditxosozko urrats hori. Dirudienez, esaera zaharren batek dio, «lehengo txakur berak, eta lehengo lepoko berberekin, gainera». Ikusitakoaren arabera, hemen ez da ezer aldatu. Bide demokratikoetara etorri direla sinetsarazi nahi digute, neurri eta tamaina guztietako indarkeria-neurriak babestu edo gutxienez ez kondenatzeko jarrerak atzean utzita, baina abuztuaren 1eko jarrera eta ekimenek argi uzten dute dena iruzur hutsa eta irudikeria besterik ez dela. Horrela ez bada, nahiko genuke herritarren aurrean, hala herri mailan nola probintzia/foru aldundi mailan, argi esan dadila ez daudela ados era horretako jarrera antidemokratikoekin. Hala ez bada egiten, argi eta garbi adieraziko baitigute jarrera horiekin bat datozela.
Pello Elorza (Azpeitiko EAJ-PNVren Uri Buru Batzarraren izenean). Azpeitia.