Udalak andramaixetarako prestatu duen egitaraua salatzeko, manifestazio zaratatsua deitu du Sostenipe taldeak

Urola Kostako Hitza 2017ko abuztuaren 8a

Manifestaziorako kaleratu duten kartela. (Sostenipe) "Hauek ez dira gure festak", dio Azkoitiko Sostenipe talde feministak. Udalak prestatu du aurtengo Andramari jaietarako egitaraua, eta taldeak haren edukia kritikatu du: "Egitarauari begiratuz gero, emakumeentzat toki gutxi geratzen dela ikusi daiteke. Pilota partidak, ganadu feria, herri kirolak... Denok dakigu zein izaten diren ekimen hauetako publikoa eta parte hartzaileak". Gogoratu dute, gainera, iaz Dj Xaiborrek "abesti matxistak" eskaini zituela plazan eskaini zuen emanaldian. Sosteniperen iritziz, festen helburua izan beharko luke "guztiok ondo pasatzea". Horretarako modu guztiak, ordea, "zilegi" ez direla salatu dute, "festa denetan emakumeek ez dituztelako aukera berdinak jaiez gozatzeko". Gainera, azpimarratu dute festetan eraso sexistak ugaritu egiten direla. Hori hala, manifestazio zaratatsua deitu dute hilaren 18rako, Koadrilen Egunerako, "buru, gorputz eta alu askeen alde". 16:30ean elkartuko dira, plazan, eta dei egin die guztiei agertu daitezen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide