Apirilean hasiko dira biribilgunea eraikitzen Zarauzko Nafarroa kalean

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko mar. 25a, 04:20

Apirilean dira hastekoak lanekin Nafarroa, Jautarkol eta Lizardi kaleak batzen diren puntuan biribilgune bat egiteko. Otegi-Gaztañaga Eraikuntzak enpresa arduratuko da proiektua gauzatzeaz, eta horrek 277.512,12 euroko kostua izango du. Zarauzko Udalak aurrekontu horren zati bat ordainduko du, eta gainontzekoa Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzen bidez osatuko du. Hain justu, 148.841,12 euro jarriko ditu udalak, eta 128.671 euro, berriz, aldundiak. Aurreikusi dute ekainaren erdialderako amaituta egongo direla lan horiek. Lanek iraun artean zabalik egongo dira Nafarroa kaleko bi erreiak, eta udaleko ordezkariek jakinarazi dute neurriak hartuko dituztela inguruko bizilagunei «ahalik eta eragozpen gutxien» sortzeko. N-634 errepidean zirkulazioaren butxadurak edo kolapsoak saihestea da proiektuaren helburu nagusia. «Nafarroa kalea Zarautz zeharkatzen duen errepide nagusia izaki, egunero ibilgailu gehien biltzen duen errepidea da». Nafarroa, Jautarkol eta Lizardi kaleak bat egiten duten bidegurutzeko semaforo sistemak, ordea, zirkulazio fluxu hori ez duela «modu eraginkorrean» kudeatzen nabarmendu dute udaletik. Horren ondorioz, auto pilaketak sortu ohi dira bertan, batez ere udan. Hala adierazten du Zarauzko Udaltzaingoak egindako txostenak. Biribilgune berria egoera horri aurre egiteko baliagarria izango dela nabarmendu dute Zarauzko Udaleko zerbitzu teknikoko arduradunek. Baliagarria izango da errepide nagusia bere osotasunean zeharkatzen duen uhin berdea «eraginkorragoa» egiten ere. Azaldu dutenez, uhin berdea zirkulazioaren jarraikortasuna bultzatzeko sistema bat da. Horretarako semaforoak sinkronizatzen dira, bata bestearen atzetik berdean jar daitezen, eta hala, ibilgailuak ahalik eta gutxien gelditu daitezen. Baina, Jautarkol eta Nafarroa kaleen arteko bidegurutzeak uhin berde hori «oztopatzen» du. «Biribilguneari esker traba hori desagertuko da, sistema eraginkorrago eginez eta fluxua hobetuz». Gogoratu dute fluxua arintzeak ez duela esan nahi autoen abiadura azkartuko denik. Hainbat abantaila Biribilguneak zirkulazioa «modu eraginkorrean» kudeatzeaz gain, beste hainbat abantaila ekarriko dituela ere ohartarazi dute, batik bat bizikletentzat eta oinezkoentzat. «Gaur egun Jautarkol eta Lizardi kaleetan barrena doan bidegorria moztu egiten du Nafarroa Kaleko bidegurutzeak. Biribilguneak hesi hori desagerrarazi eta jarraikortasuna emango dio bidegorriari», adierazi dute. Oinezkoen segurtasuna ere bermatuko du. Hala, ibilgailuen abiadura moteltze aldera koskak edo kuxin berlindarrak jarriko dituzte Jautarkol eta Lizardi kaleetan. Bestalde, Euromar parean zebrabide berri bat egingo dute. Neurri horrekin inguruko bizilagunen «aspaldiko eskaera bati» erantzungo dio udalak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide