«Kalera atera, parte hartu eta Azkoitiari bizia eman nahi diogu gazteok»

Ane Olaizola 2014ko mar. 13a, 08:00

http://youtu.be/jJM97FhJyyA

Azkoitiko Udalak abiatutako Gaztien herrixe, moiu ipurdixe! prozesuaren bidez 17 eta 22 urteko gazteek dituzten beharrak ezagutu, diagnostikoa egin eta horien araberako politikak egin ditzaten, elkarrizketak egin dituzte azken asteetan. Gazteek elkarren berri izan eta zer interes dituzten partekatzeko, berriz, afari topaketak hasiko dituzte bihar, 19:00etan, Elkargunean. Bigarren saioa hilaren 18an izango da. Aurreko saioan egindako ekarpenak nola eraman aurrera jorratuko dute orduan. Amaia Garate (Azkoitia, 1992) prozesuan parte hartzen ari den gazteetako bat da, eta egitasmoari buruz eta euren egoeraren inguruan hitz egin du UROLA KOSTAKO HITZArekin. Nondik nora batu zara egitasmora? Abenduan hasi ginen bilerak egiten. Parte hartzeko proposatu egin zidaten, eta aukera aprobetxatzea erabaki nuen. Hasieran, ez nuen asmorik jarraitzeko, informatzera joaten nintzen. Interesgarria iruditu zitzaidan, ordea, eta aurrera egin nuen. Joan zen hilean aurkeztu genuen prozesua, eta diagnostikoa egiteko elkarrizketak egiten aritu gara ordutik. Zer behar, nahi eta arazo dituzten galdetu diegu gazteei. Uste genuena baino errazago joan da galdeketa; lasai erantzun dute, gertukoak izan garelako galderak egin ditugunak. Aurrera eramaten diren politiketan eta ekintzetan gazteak kontuan hartzen zaituztetela uste al duzu? Nire kasuan, orain arte ez diet halako ekimenei arreta berezirik eskaini, baina iruditzen zait orokorrean ez gaituztela kontuan hartzen; une zehatz batzuetan bakarrik. Noizean behin gazteei zuzendutako ekintzak antolatzen dituzte, baina elkarrizketetan ikusi da jendeak ekintza gehiago eta anitzagoak eskatzen dituela. Gazteei zuzenduta direla dioten arren, umegoentzako egiten direla iruditzen zaie; beste batzuetan, urrunago geratzen zaiela diote. Zein dira gazteen beharrak? Askok esan dute arazorik handiena geuk, gazteok, dugula. Hau da, antolatzen diren ekintzei paso egiten diegu. Bakoitza bere zaletasunetan zentratu eta bere erara mugitzen da. Behar eta arazo askorik ez dutela esaten dute askok; arazoa geure jarrera dela, guztia berdin zaigula diote. Prozesuarekin lokalen gaineko araudi bat ere egin nahi da. Beharrezkoa ikusten al duzue? Orokorrean gazteek atzera egin dute horren aurrean, galdeketan ikusi dugunez. Ez dakit nolako araudia izango den, uste dut segurtasuna bermatzeko asmoz egingo dutela. Alde horretatik ondo iruditzen zait, baina eskatu ditzaketen gauzak oztopo izan daitezke gazteentzat, eta horregatik uste dut batzuek ez dutela begi onez hartuko. Orokorrean, baliteke araudiak kontrako erreakzioa sortzea. Araudiak zer ekarriko duela uste duzu? Arau hitzak berak kontrako jarrera bat eragiten du hasiera batean. Herrian dauden lokalen arabera, harrera desberdina izan daiteke, batzuek, beharbada, jada betetzen dituztelako eska ditzaketen baldintzak. Segurtasun aldetik, ordea, komenigarria izango litzateke arautzea, eta ildo horretan egingo dutela uste dut. Zer nahi duzue lortu prozesuarekin? Gazteak mugitzea nahi dugu. Inguruko herrietan, Azpeitian batez ere, gazte mugimendu handia eta anitza dago; halakorik ez dago hemen. Guk ez dugu ezagutu halakorik. Kalera irten, parte hartu eta herriari bizia eman nahi diogu. Biharko topaketek zuen arteko harremana lantzeko balioko al dute? Bai. Taldetan bilduta, nork bere beharrak eta kontuak plazaratuko ditu. Antolatuta dagoen bezala, guztiok guztiokin egongo gara, eta elkarren iritzia jakingo dugu. Udalari zer eta zergatik behar dugun azalduko diogu. Iritzia lasai emateko modu egokienak dira topaketa horiek, udal ordezkariak entzuteko egongo direlako. Helburua horixe izan da hasieratik. http://youtu.be/jJM97FhJyyA

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide